Teknologia albisteak

Sustatu

Erabiltzailearen artikuluak

Bertsolari Txapelketako finalaurrekoekin, ikus-entzunezkoen aukera zabal bat

Sustatu
2022-10-21 : 09:52

Bertsolari Txapelketa Nagusia (BTN) finalaurrekoen atarian da, eta ikus-entzunezkoak biderkatu dira azken txanpa honekin batera. Agian inportanteena: finalaurrekoak zuzenean telebistaz emango dituztela ETB4n larunbatetan, biharkotik hasita (Elizondotik, 17.00etatik aurrera). Horrez gain, EITBk 10garrena izeneko podkastari ekin dio (fikiozkoa), Berriak Txapelpekoa podkasta dauka (informatiboa, iritzia), eta datorren astean Argiak Berezkoa Ta Naturala bideo sorta hasiko du.

Booktegi: 5 urte, kultur elkartea, eta jaialdia

Sustatu
2022-10-21 : 08:22

Booktegi euskarazko liburu elektronikoen inguruko ekimenak 5 urte ditu aurten, eta urteurrena ospatzeko jaialdia antolatu dute. Urriak 22, bihar larunbatez, izango da Booktegi Jaialdia Usurbilen, egun osoko egitarauarekin. Itxaro Borda izango da jaialdiko anfitrioia.

Digilab: teknologia digitalen laborategi berria Arrasaten

Sustatu
2022-10-20 : 18:38

Digilab izeneko teknologia digitalen lantegia inauguratu dute gaur Arrasaten. Ikerlan zentro teknologikoak kudeatuko du 2.000 m2-ko eremua, eta Eusko Jaurlaritzaren Azpitek programaren laguntza tartean dela, 1.5 milioi euroko inbertsioa suposatu du irekierarako.

Software libreko Superstarfighter joko euskaratua

Urtzi Odriozola (CodeSyntax)
2022-10-20 : 12:33

Game Erauntsia gamer euskaldunen komunitatean euskaratu duten azken jokoetako probatzen ibili da CodeSyntax eta Sustatuko lankide Urtzi Odriozola: Superstarfighter. Oraindik garapen bidean dagoen software libreko jokoa, baina hala ere esperientzia benetan azkarra eta erakargarria da, lau jokalari arte batera jolasteko aukerarekin. Espaziontzien arteko borrokak egin ahal izango ditugu mundu edo planeta ezberdinetan. Espezie ezberdinak aukeratu ahal izango ditugu, naiz eta oraingoz espaziontziaren diseinuan bakarrik sar gaitezke pertsonalizazioetan.

Beldurrola, euskarazko rol jokoen maratoi edo jaialdia Donostian

Sustatu
2022-10-20 : 09:32

Gaurdanik urriaen 23a bitartean euskarazko rol jokoen Beldurrola jaialdia egingo da Donostia. Bi egunez Donostiko Egia auzoko Kultura Etxean, eta gero berezitutako Ebla liburudendan, euskarazko partidak jokatzeko aukera. Antolarzailea: Rolariak, euskal rol-jokoen zaletuen taldea.

Euskarazko Wikipedia 400.000 artikulutara iritsi da

Sustatu
2022-10-19 : 12:22

Bart gauez Euskarazko Wikipediak 400.000 artikuluen langa gainditu zuen. Mugarrirako azken egunetan prestaturiko Justizia klimatikoa artikulua prestatu zen; zenbait wikilarik landu dutena, eta estatistiketan une zehatzean argitaratzeko prestatu zena. Hizkuntza bertsioen artean, 34. wikipedia gara (zerrendari azken eguneraketa falta zaio gaur gaurkoz). Baina ez da bakarrik kantitate kontua, Wikipediaren kalitatea neurtzeko zenbait parametrotan ere goraka ari da euskarazkoa.

Gasteiztar eta arabarrentzako bertso mingarriak salatu dituzte

Sustatu
2022-10-18 : 16:08

Haritz Mujika bertsolari gipuzkoarrak Gasteizko Bertsolari Txapelketa Nagusiko urriaren 2ko saioan egindako lehen agurreko bertsoa kritikatu du irakurle batek Alea aldizkari arabarrera bidalitako guitunean. Manolo Martinez Fernandez saioan izan zen, eta minduta idatzi du ondoren: "Bertso absurdo baten harira".

Desira-ren estreinaldia, Geruzak proiektuko lehen dokumentala

Sustatu
2022-10-18 : 11:31

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzarekin, Elkar argitaletxeak eta Jakin pentsamendu aldizkariak Geruzak proiektua garatu dute azken hilabeteotan: gazteen kezka eta galderetatik abiatuta gogoeta pizteko webgunea. Gogoeta-gai bakoitzak dokumental bat izango du lagungarri, "kaiera tematiko propioa" eta kultur diziplina desberdinetako erreferentziak ere material osagarri gisa. Egindako dokumentaletan lehen emanaldi publikoak, Desira izenekoa (trailerra estekan), bihar asteazkena (urriak 19) estreinatuko da publikoki Donostian, San Telmo Museoan, 19.00etan; eta ondorengo solasaldiarekin osatuko da emanaldia.

Ion Paroten kartzelaldiaz Maddalen Arzallusek egindako bertsoen polemika

Sustatu
2022-10-17 : 16:15

Joan den ostiralean, hilak 14, Euskadi Irratiko Faktoria saioan bertso musikatuak kantatu zituen Maddalen Arzallusek: Ion Parot presoaren kartzelaldi luzea aipatuz. Espetxetik irten berria da Parot, bertan 32 urte eta erdi egin ondoren. Bertsoak EITBren webguneko artxiboetatik desagertu egin dira gero, eta horri zentsura iritzi izan diote. Era berean, Argiak azpimarratu duenez Faktoria saioko Twitter kontua ere “aldi baterako mugatu du” sare sozial horrek. Adierazpen askatasunaren aurkakotzat jo dute beste zenbait erabiltzailek, bai Twitterren partetik bai EITB hedabide publikoaren partetik. Halaber, Argiak Peertube sarean gorde du bertsoen bideoa.

MetaBergara bat eraikitzen Minecraften

Sustatu
2022-10-17 : 10:09

Bergarako Udalak euskal jokozaleen Game Erauntsia elkartearekin ekimena hasi du, urri amaiera bitartean Bergara birtual bat Minecraften sortzeko. Izen hau jarri diote abentura honi: "Bergara bloketan, Minecraft eraikuntza proiektua". Dagoeneko ari dira han jokalariak eta badoaz Bergara eraikitzen. Emaitza herrian aurkeztuko da azaroan, eta parte-hartzaileen artean sariak emango dituzte.

PloneConf biltzarra Euskal Herrian egingo dela 2023an, hauxe izan zen zuzeneko iragarpena

Mikel Larreategi (CodeSyntax)
2022-10-17 : 08:41

Sustatu eta bere Twitch kanala egiten duen CodeSyntax euskal enpresak darabilen azpiegituretako bat da Plone, eta software librean oinarritutako CMS honen 2022ko urteko biltzarra (PloneConf) joan den astean izan zen Namurren (Belgika). Bertan, Mikel Larreategi euskal garatzaileak iragarri zuen 2023ko biltzarra Euskal Herrian egingo zela. Konferentziaren agurra egirea tokatu zitzaion Larreategiri, eta hortxe duzue bideoan, euskarazko hitz batzuk esplikatzen mundu zabaleko garatzaileei.

"Teknologia burujabea herritik eta herrira", jardunaldia Donostian

Sustatu
2022-10-14 : 10:06

Urtero iAmetza taldeak antolatzen duen Euskarabildua topaketa teknologikoak goiburu eta gai izango du 2022ko edizioan: Teknologia burujabea herritik eta herrira. "Utopia existitzen da" leloarekin urriaren 27an egingo da Euskarabildua 2022, Donostiako San Telmo Museoan, goizeko egitarau batekin. Euskarabildua topaketaren 12. edizioa izango da aurtengoa.

Inkurriaren erdian gaude, marrazkilarien hilabetean

Sustatu
2022-10-13 : 09:33

#Inkurria edo #Inktober da tintaren urria, portmanteau berba bat, ink = tinta ingelesez, eta urri edo october hitzetik sortutako terminoa. Marrazkilarien artean zabaldu da ohitura azken urteetan, eta inkurria termino euskaratua tarteka agertu den arren, Gorka Belasko irakasle eta marrazkilariak halako ofizialtasun bat eman dio aurten, eguneroko erronken zerrenda ere euskaratuz. Dena dela, erronka gutxi gora-beherakoa da, egunero termino bat proposatzen den arren, artistak libre dira beren proposamena egiteko, artelan xume bat egunero zabaltzea da koxka.

Wikidataren 10. urteurrenean, euskarazko azalpen-hitzaldia

Sustatu
2022-10-12 : 10:15

Wikipediaren osagarri inportante batek, Wikidatak, hamar urte bete ditu 2022ko urri honetan. Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak eta Informatika fakultateak hitzaldia antolatu dute baliabide inportante honen funtsa azaltzeko, datorren urriaren 26an, Donostiako EHUko Informatika fakultatean. Galder Gonzalez wikipedistak emango du hitzaldia eta ez da teknikoa izango, baizik eta orotarikoa, animatu eta etorri, interesgarria izango da.

Astrografia balkoitik: ilargia zuzenean esploratzen

Urtzi Odriozola (CodeSyntax)
2022-10-11 : 15:55

Astrografia Balkoitik zuzenekoen sortan, Sustatu eta CodeSyntax-ek lankide Urtzi Odriozolak zuzenko bikain bat egin du ilargirako hurbilpen teleskopiko bat eskainiz. Adituaren iruzkin teknikoekin batera, irudi ikusgarriak.

Ttap aldizkaria berritu da, aplikazioa bera eta webgunea

Sustatu
2022-10-11 : 08:47

Duela bi astetik Ttap euskarazko aldizkari multimedia berrituta dator, bai aplikazioa bera ale bakoitza deskargatzeko, eta baita web irekian ere, non hemendik aurrera artikulu, bideo eta abarrak aurkitu ahal izango diren. 

Sarean Euskaraz, mila gaztetik gora teknologian murgilduko dira Iruñean

Sustatu
2022-10-08 : 11:28

Nafarroako mila gazte euskaldun nerabek baino gehiagok parte hartuko dute urriaren 13an eta 14an, datorren ostegun eta ostiralean, Iruñeko Baluarte Jauregian, ‘Sarean Euskaraz’ programaren seigarren edizioan. Euskarazko kultura digitalaren jardunaldia leloa darama Sarean Euskarazek, eta teknologian euskaraz jarduteko aukerak azaltzen dizkie ekimenak nerabeei.

Kinka: klima larrialdiari buruzko Berriaren ekimen berria

Sustatu
2022-10-07 : 09:54

Kinka podkasta eta buletina abiatu du Berriak. "Kinka, klima eta natura krisian" goiburuarekin "Klima larrialdiari eta ingurumen gaiei xeheago erreparatzeko apustua zabalduko du" Berriak, ohar batean azaldu dutenez.

Peertube.eus jaio da, sortzaile libreentzat bideo plataforma berria

Sustatu
2022-10-06 : 11:52

Abaraska taldeak jakinarazi du aste honetan peertube.eus jaio dela, euskarazko bideoak partekatzeko webgune irekia. Orain arteko plataforma itxiek dituzten antzerako zerbitzuak eskaintzen ditu, baina oso modu ezberdinean: federatua, gertukoa, errespetuzkoa eta librea baita.

Erdaldun txiki bat sortzeko dekalogoa

Sustatu
2022-10-06 : 09:16

Euskarazko ikus-entzunezkoen biltegiratzean eta zabalkundean sekulako lana egiten duen Euskal Encodings elkarteak manifestu bat kaleratu du, "Etxean erdaldun txiki bat sortzeko dekalogoa." Duela urte batzuk epaile espainiar batek “Gaizkile txiki bat sortzeko dekalogoa” (gaztelaiazko testua estekan) sortu zuela eta, horri buelta batzuk emanez, euskarazko edukien kontsumoa eta beste puntu batzuk aipatuz.

‹‹ Hurrengoak Aurrekoak ››