WeTransferren baldintza berri gaiztoen aurrean, alternatibarik? Bai, pare bat, edo bien arteko konbinazioa. Enkriptazioa edo/eta Tori.eus zerbitzu euskalduna erabiltzea.
Zertarako alternatibak? WeTransferrek egiten duena beste modu batez egiteko, fitxategi edo fitxategi handi-handiak, e-postaz ezin bidal daitezkeenak edo pendrive fisiko batean in-situ pasatu ezin dituzunak bidaltzeko.
Bat. Bada euskarazko zerbitzu, Tori.eus, PuntuEus fundazioaren bidez martxan jarritakoa, eta hori erabil dezakezu fitxategi multzo handiak doan bidaltzeko. Dinahosting enpresa galiziarraren azpiegitura bat da.
Bi. Zip enkriptatu batean sartu eduki multzoa, dela zerbitzu bat edo bestea erabiltzen duzuna bidalketa egiteko. Bide batetik bidali fitxategi handia, eta beste batetik jakinarazi jasotzaileari zifratze-gakoa edo pasahitza.
Bigarren alternatiba hau, ustez segurua izango da WeTransferrera enkriptatutako zip hori igotzen baduzu ere...
Zip enkriptatuekin lan egiteko, irudiko funtzioa berez dator Ubuntu Linux euskarazko sistema eragilean. Windows edo MacOS sistemetan baliteke konprimatze software bereziren bat behar izatea.
Pasahitz segurua aukeratzeko, PwPush sistema erabil dezakezu. Euskaraz dago eta ez bakarrik gako indartsuak sortzen ditu, jasotzaileari esteka seguru baten bidez jakinarazten diozu pasahitza, eta gero "auto-suntsitu" egiten da. Justu duela urtebete azaldu genuen tresna horren funtzionamendua Sustatun.
Erantzun
Sartu