Hautsak harrotu ditu azken orduetan Interneten WeTransfer zerbitzu oso praktiko eta erabiliak iragarri dituen erabilpen baldintza berriek, abuztuan jarriko direnak indarrean. WeTransfer da oso fitxategi (edo fitxategi multzo) handiak bidaltzeko modu bat. Ez dira kabitzen e-posta zerbitzuetan, baina kargatzen dituzu WeTransferrera, eta handik esteka bidaliko diote jasotzaileari, zeinak lortuko du zure bidalketa horrela. Kontua da baldintza berriek diotela bidalketan kargatzen duzuna "betiko" erabiltzeko eskubidea izango duela WeTransferrek beren "zerbitzua hobetzeko". Jendeak zera ulertu du logikoki: zure bidalketa pribatuak Adimen Artifiziala trebatzeko, eta beste edozertarako, erabili ahal izango dituztela. Kontuz beraz.
Erabilpen baldintzen 6.3. puntua da ikara eragin duena:
6.3. WeTransfer lizentzia. Zerbitzua eta gure teknologiak ustiatzeko, hornitzeko eta hobetzeko, edukiekin lotutako eskubide batzuk lortu behar ditugu zuregandik; jabetza intelektualeko eskubideek babesten dituzten eskubideak. Honen bidez, ordainik gabeko lizentzia bat ematen diguzu zure edukia erabil dezagun zerbitzua mantentzeko, garatzeko eta hobetzeko, hori guztia gure Pribatutasun eta Cookie Politikaren arabera.
Ikusita, zer nolako zalaparta sortu duen formulazio horrek, zehaztapenak gehitu ditu ohar batean WeTransferrek:
Ezezko horiek... euren promesa dira. Baina lizentziak ez dio zertan erabiliko duten zure edukia. "Hobetzeko" aitzakiarekin... edozer.
Kontua da hemen AA ereduetarako kristo guztiak gauza guztiak kopiatzen dituela, saretik hartuta. Baina beste auzi guztiz desberdina da komunikazio pribatu bateko edukia, eta eduki masibo samarra (WeTransferren kargatzen dena potoloa izaten delako definizioz) erabiltzea AA egiteko. Izan ere, AA sistemek gero emaitzetan eduki pribatuetatik ateratako eduki puskak berrerabili eta publiko egingo dituztela, gertatu izan den bezala, hori arrisku argi bat da.
Adi, beraz, WeTransferren baldintza berriak ezarriko dira indarrean abuztuaren 8tik aurrerako bidalketetan. Baldintzak desberdinak dira Estatu Batuetako eta kanpoko erabiltzaileetan, baina 6.3. puntu hori, berdina da toki guztietan.
Erantzun
Sartu