Aste honetan hasi da EITBren Podkast atarian "Artxipelagoa" fikziozko podkast apokaliptikoaren bigarren denboraldia (9. atalean abiatzen dena, lehen denboraldiko 8 atalen ondoren). Aldi berean, transmedia proiektu gisa, Artxipelagoak online-komiki gisako bertsio interkatiboa ere estreinatu du, EITBk kaleratutako KomikiAPP aplikazio berriaren bitartez.
Komiki interaktiboko bertsio hau Artxipelagoaren lehen denboraldian oinarrituta egin da. Xabier Etxeberria izan da gidoilaria eta Alex San Vicente ilustratzaileak lagundu dio. Komikiapp hemendik instalatu daiteke:
EITBren komiki aplikazio honen lehen bertsio bat martxoan argitaratu zen, Irabazi Arte web-sailaren komiki bertsio gisa. Orain kontzeptua hedatu da: KomikiApp oinarrizko app gisa garatu da, eta bere bidez komiki interaktibo desberdinak deskargatu ahal izango dira, Artxipelagoaren komikia eta lehendik garatutako Irabazi Arterena direlarik lehen aukerak; proiektu gehigarriak gehitu ahal izango dira aurrerantzean. Teknika aldetik, aplikazioa CodeSyntax-ek garatu du, Sustatu eta Egunean Behin-en egileak.
"Artxipelagoa"ren bigarren denboraldiari dagokionez, ordena geopolitiko orokorraren inguruan garatu da trama. 2103garren urtea da, lehen denboraldian bezala aldaketa klimatikoak munduko itsaso guztien maila igo du, eta mundu-politika ere aldatu da ondorioz. EITBk honela azaldu du: "Gure inguruan, Ipar Afrikako Lida da boteretsuena, Alpeetan gotortuta dagoen germaniar konfederazioarekin lehia estuan. Euskal Artxipelagoak neutral jokatu nahi izan du, merkatu harremanak indartuz, burujabe izaten jarraitzeko. Ipar Afrikako Ligak, Barra setiatuz, Euskal Artxipelagoa bere mendean hartu nahi du ordea. Piratek Jare bahitu dute eta beste europar potentziari, germaniarrei, saldu nahi diote".
Artxipelagoaren bigarren denboraldiko lantaldea leheneko bertsua da. Oier Aranzabal eta Juan G. Andres dira ekoizpenaren zuzendariak, eta Xabier eta Martin Etxeberriak idatzi dituzte gidoiak. Grabazioak Xanti Salvador eta Koldo Corellaren estudioan egin dira eta Ulu Mediaren estudioan amaitu. Irudiak Xabier Sagastarenak dira eta Rafa Ruedarena soinu banda originala. Aitziber Garmendia eta Eneko Sagardoy aktoreek jarri diete ahotsa bi pertsonaia nagusiei: Jare eta Iker. Partaidetza berrien artean, Itziar Ituñoren ahotsak gorpuztu du Olatz pertsonaia berria. Beste aktore batzuk dira Iñaki Beraetxe eta Bieuse Bikoiztaile Euskaldunen Elkarteko kide Sara Cozar eta Klara Badiola. Anartz Zuazuak gidatu du aktoreen lana.
Aurrerantzean, astero atal bat argitaratuko da trama osatu arte, EITB Podkasten.
Erantzun
Sartu