2023. urtea hasi da ohiko fenomeno meteorologikoarekin: epaileak euskararen kontra. Kasu honetan, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Barakaldoko Udalaren aurka egin du, azpikontratatutako zerbitzuetan gutxieneko euskara maila eskatzearen aurka ebatzita. Kultura zerbitzuez arduratzeko enpresa bat kontratatzeko lehiaketa zen, eta zerbitzua emango zuten langileek euskara eskakizun batzuk izatea (edo bi urteko epean lortzea) zen baldintzetako bat. Epaiak dio ezin zaizkiela eskakizun berak "inposatu" langile publikoei eta enpresa pribatu bati ("No cabe imponer", EITBko albistearen arabera, epaiaren testu originala ez dugu inon aurkitu).
Barakaldoko Udalak 2021ean egin zuen lehiaketa publikoa, 4,6 milioi eurokoa. Baldintza gisa ezarri zuen langile guztiek (26 lagun) gutxieneko euskara maila bat egiaztatzea, edo bi urteko epean maila hori izateko ikasketak gauzatzea. Teknikarientzat, hirugarren euskara eskakizuna (C1) eskatu zuen udalak; administrazio langileentzat eta mantentze lanez arduratzen direnentzat, berriz, bigarrena (B2).
Lehiaketaren kontra CCOO sindikatuak aurkeztu zuen helegitea, hizkuntza eskakizunen kontuari erreferentzia eginez, eta hortik etorri da ebazpen kontrakoa. Loli Garcia CCOO Euskadiko idazkari nagusiak "positibotzat" jo du epaia, sindikatuak uste baitu eskakizuna "gehiegizkoa" eta "diskriminatzailea" zela.
Euskalgintzaren Kontseiluak eskatu dio helegitea aurkezteko Barakaldoko Udalari, baina Udalak ez duela halakorik egingo erabaki du jada, ez dagoelakoan "lege oinarririk errekurtsorako". Kontrakoa uste dute Kontseiluak eta UEMAk, epaiak 2014ko aurrekari bati egiten diolako erreferentzia, non eta geroagoko EAEko lege batek,
Euskadiko Toki Erakundeei buruzko 2/2016 Legeak eta lege horren garapena den Eusko Jaurlaritzak onartutako Euskadiko toki-erakundeetan hizkuntza ofizialen erabilera instituzionala eta administratiboa normalizatzeari buruzko 179/2019 Dekretuak Barakaldoko Udalaren lehiaketako baldintzak babesten dituen. Dekretu horretan, 36. artikuluko 3., 5. eta 8. puntuetan berariaz jasotzen da kontratuetan kasu bakoitzean beharrezkoak diren klausulak sartuko direla, batetik, herritarrei bermatzeko toki-erakundeei exijitzen zaizkien hizkuntza-baldintza berberetan jaso ahal izatea kontratu bidezko jarduerak edo zerbitzuak eta, bestetik, euskararen eta gaztelaniaren hizkuntza-ofizialtasunaren erregulazioa betetzeko. Indarrean dagoen araubideak ahalbidetzen du herritar guztien eskubideak bermatzeko hizkuntza-klausulak ezartzea. Are zehatzago, lanpostuetan hizkuntza ofizial bietan jarduteko gaitasuna duten langileak jarri beharra jasotzen du, eta epaiak ez dio horri erreparatu.
(irudia, Barakaldoko kultura etxeetako bat)
Erantzun
Sartu