UZEIk, Terminologia eta Lexikografia Zentroak, Neoloteka jarri berri du martxan. Neologismoak, hitz berriak alegia, biltzen dituen bilduma da Neoloteka. Lexikoaren bilakaera errealari jarraipena egin asmoz sortu du UZEIk Neoloteka.
Neolotekaren helburua euskarazko neologismoak identifikatu, bildu, aztertu eta sarean edonoren eskura jarriko dituen behatoki bat sortzea da. Horrelako egitasmoak ohikoak dira beste hizkuntzetan (katalanezko Neoloteca eta gaztelaniazko Neoma kasu). Euskarak ere horrelako egitasmoa abian jartzeko beharra ikusi du UZEIk.
Atari honek barnean hartuko dituen neologismoak, euskaraz gaur egun erabili arren, erreferentziazko lan lexikografikoetan ez dauden formak izango dira maiz. Hau da, Euskaltzaindiaren Hiztegiaren azken bertsio argitaratua (2016. urtekoa) erabiliko da esklusio-corpus gisa eta horretan ageri diren formak ez dira Neolotekan agertuko.
Abiapuntu gisa, Neolotekaren atari plazaratu berriak 50 neologismo biltzen ditu, hala nola burundanga, kanperizatu, woke, hidrogeno garbi edo black kitchen / sukalde ilun. Asmoa da hilabetean 20 neologismo inguru gehituz joatea.
Era berean, iradokizunak jasotzeko dago Neoloteka. Hiztegian jasota ez dagoen eta euskaraz erabiltzen den hitz edo esamolde berri bat ezagutzen baduzu, bete dezakezu inprimaki hau, eta Neolotekan gehitzeko hautagai gisa aztertuko du UZEIk.
Ezagutu, erabili eta proposamenekin aberastu https://uzei.eus/neoloteka/
Erantzun
Sartu