Teknologia albisteak

Twitterrek Mastodon.eus-eko estekak partekatzea debekatu du

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-12-16 : 10:04

Twitterrek Mastodon instantzia ugaritako estekak partekatzea debekatu du, tartean Mastodon.eus-ekoak. Saio batzuk egin ditugu txiokatzeko esteka parea, eta Mastodon.Jalgi.eus zerbitzuko bat pasatu da, baina Mastodon.eus beste zerbitzukoak (hau adibidez) itxura batean ez dira igarotzen. Ikus irudian jasotzen dugun mezua. Hainbat Mastodon instantziarekin ari da hau gertatzen, baita mastodon hitza aipatzen ez duten zerbitzuekin, hemen irakurri dugunez. Elon Muskek pertsonalki Twitterren jabetza eta kontrola hartu duenetik ezarritako neurri erradikalena dirudi, Mastodon estekak debekatzeaz gain, bart gauez Twitterretik desagertu baitira kazetari ezagun kritikoen hainbat kontu, zentsuratutako beste zenbait konturen artean.

Hara zer dioen Twiterrek Mastodoneko esteka bat partekatzen saiatu garenean:

"Ezin dugu eragiketa bururatu, esteka hau potentzialki gaiztotzat jo dutelako Twiterrek edo bere partaideek."

Mastodoneko estekak debekatu ondoren, kazetari kritiko anglofonoen kontuak ixteari ekin dio Twitterrek. Hemen zenbaiten berri, tartean CNN, The New York Times edo The Washington Post agerkarietakoak. Baneatutako kazetarietako Keith Olbermann da, eta txiokatu zuen azken mezua hain zuzen Mastodoneko esteken desagerpenari buruzkoa izan zen, hemen irakurri dugunez.

Azken orduetan itxitako beste kontu bat, Elon Musk-en jet pribatuaren bidaiak trakeatzen zituen Twitter kontuarena. Duela aste batzuk Muskek berak esan zuen adierazpen askatasunaren hain-hain aldekoa zela, non kontu hori ere baimenduta zegoen Twitterren. Arauak aldatu dituzte ordea eta orain jada itxita dago.

Mezu laburren trukerako sistema bat da Mastodon, Twitterren antzekoa baina federatua edo elkarlotu daitezkeen hainbat instantziatan antolatua. Euskaraz jardureko bi instantzia daude, Mastodon.eus eta Mastodon.Jalgi.eus, eta bata edo bestea erabili nahi baduzu, irakurri batzuen eta besteen arauak, eman izena, eta, akaso, Sustatuk eman zituen aholku/pilula hauek errepasatu.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago