Teknologia albisteak

UEMAk 118 herritan elkarretaratzeak deitu ditu bihar eguerdirako 'Euskararekin bat' lelopean

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 09:50

Auzitegi Gorenak astean jakinarazitako euskararen kontrako epaiaren aurrean, UEMAk deia egin du larunbat honetan, uztailaren 19an, 12:00etan, bere partaide diren udalerri euskaldunen udaletxeen aurrean elkarretaratzeak egiteko, Euskararekin bat lelopean. Deialdi horiekin bat egitera deitu dituzte euskalgintzako eragileak eta herritarrak ere. Udalerrien zerrenda hemen, 118 udaletxe horietako batera gerturatu nahi bazenute.

Epaia larria dela adierazi zuten UEMAko ordezkariek atzo, batez ere udalerri euskaldunei eta euskaraz aritzen diren udalei eragiten dienez. Atzo zehaztu genien artikulu honetan zein arau indargabetu dituen epaiak, Jaurlaritzaren 179/2019 delako dekretutik, Vox alderdia helegiteari arrazoia emanez nagusiki, eta jada 2023an EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak hartutako euskararen kontrako erabakia berretsiz ia osorik.

Epaiak debekatzen du neurririk hartzea "hizkuntza koofizialetako bat gailentzeko, horrek berak urratu egingo lukeelako koofizialtasuna”. De facto gaztelania gailentzen da alde guztietan, baina euskaraz lehen hitza eskaintzen saiatze hutsa (debekatutako puntuetako bat), koofizialtasuna urratsea da.

UEMAren iritziz larria da hau oso. "Euskal gizartearen eta euskal erakundeen erabaki demokratikoaren aurkakoa ez ezik, azken hamarkadetako hizkuntza-politiken aurkakoa ere badelako, eta euskara beraren ofizialtasuna ere zalantzan jartzen duelako, ondoan gazteleraren makulua ez duenean. EAEko udal legeak hizkuntza eskubideak urratzen dituela dio Espainiako justiziak, beste behin ere euskaldunon hizkuntza eskubideak alde batera utzita. Gainera, bereziki udalerri euskaldunei eta euskaraz aritzen diren udalei eragiten die".

Euskalgintzaren Kontseiluak ere gogor salatu du oldarraldi judizialaren azken kolpe hau: "Garrantzitsua da gogoratzea euskara eta euskal hiztun komunitatea larrialdi linguistiko egoeran daudela, eta normalizazio prozesua atzeraldian sartzeko arriskuan. Administrazioan euskarak pairatzen duen minorizazio egoera gainditu eta euskararen alde egiteko zoru minimo bat jartzen zuten dekretu hauek, baina, beste behin, Espainiako botere judizialak bide hori egitea galarazi du."

Erantzun

Sartu