2023an EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin zituen EAEko toki-erakundeetan hizkuntza ofizialen erabilera instituzionala eta administratiboa araitzeko Jaurlaritzak atera zuen 2019ko dekretua (179/2019 delakoa). Vox alderdiak helegitea jarri eta epaileek puntu mordo bat atzera bota zituzten. Jaurlaritzak helegitea aurkeztu zuen, eta aste honetan goragoko instantziak, Espainiako Auzitegi Gorenak erabaki du: lehendik baliogabetutako ia guztia, ondo baliogabetuta dagoela. Hemen ezin du arautu udal batek edo Jaurlaritzaren erakunde batek ezta lehen hitza ere euskaraz ezartzea jendeari erantzutean. Euskararen kontrako oldarraldiaren urrats honek zer baliogabetzen duen ikus dezagun jarraian.
Esate baterako, lehen hitza euskaraz emateko araua legez kanpokoa dela, hori da, benetan, baliogabetutako puntuetako bat, dekretuko 27. artikuluko a) eta e) epigrafeetan:
a) Euskadiko toki-entitateetako eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateetako langileek euskaraz esango diete lehenengo hitza herritarrei; gero, herritarrak aukeratutako hizkuntzan jarraituko dute.
e) Hartzaile zehatzik gabeko mezuak zabaltzen direnean gailu automatikoen bidez, edo telefonozko informazio-zerbitzuen, bozgorailuen edo antzeko bitartekoen bidez, lehenik euskaraz emango dira.
Auzitegi Gorenak (aurretik EAEkoak bezala) legez kanpoko jotako beste puntuak jarraian.
9. artikulua, 2. atala.
Hizkuntza-plangintzaren helburua izango da udal-jarduketak euskaraz egin ahal izatea. Horretarako, neurriak hartuko dira udalek euskaraz funtziona dezaten; bereziki, euskararen arnasguneetan.
Epaileen arabera, goiko honek euskara lehenesten duelarik, gaztelaniaren kontrako desoreka ez justifikatua suposatzen du, Konstituzioaren 3.1 artikulua urratuz.
11. artikuluan egiten diren "zehaztapenak eta tresnak" atala ere baliogabetuta geratu da. Hauxe da hor sartzen dena:
1.– Hizkuntza-arloko udal-eskumen propioa oinarri hartuta, udalek, dekretu honen esparruan eta bakoitzaren egoera soziolinguistikoaren arabera, honako alderdi hauek aztertuko dituzte, besteak beste:
a) Udal-gobernuaren organoen barne-funtzionamenduan, hizkuntza ofizialak ahoz eta idatziz erabiltzeko irizpideak.
b) Udal-zerbitzuen barne-funtzionamenduan, hizkuntza ofizialak ahoz eta idatziz erabiltzeko irizpideak.
c) Herritarrekiko eta beste erakunde batzuekiko ahozko eta idatzizko harremanetan euskarak zer leku behar duen.
d) Dokumentu estandarizatuen hizkuntza-formatua.
e) Ekitaldi publikoetan euskarak zer leku behar duen.
f) Hizkuntzak nola erabiliko diren beste administrazio batzuekiko harremanetan.
g) Argitalpenetan euskarak zer leku behar duen.
h) Euskara, hizkuntza-paisaian eta errotuluetan.
i) Itzulpenak eta interpretazioak egiteko irizpideak.
j) Sustapen-lanean erabili beharreko hizkuntza-irizpideak, dirulaguntzen xede diren jardueren helburuak eta ezaugarriak kontuan hartuta.
k) Administrazio-kontratazioan erabili behar diren hizkuntza-irizpideak.
l) Iragarkietan, publizitatean eta publizitate-kanpainetan bete behar diren hizkuntza-irizpideak.
18. artikuluaren hasiera baliogabetzen da. Zehazki toki-entitate bateko kuderen batek "alegatzearena" berak euskara ez duela ulertzen eta eman diezaiotela informazioa gazteleraz. Hau da, Jaurlaritzaren dekretuak ez dio inori ukatzen gaztelerazko informaziorik, baina pertsona batek "alegatu" behar izatea ez duela euskara ulertzen, ba hori gaizki, eta diskriminatzailea.
1.– Toki-entitateetako organoen deialdiak, gai-zerrendak, mozioak, boto partikularrak, erabaki-proposamenak, informazio-batzordeen irizpenak, akordioak, aktak eta gainerako udal-dokumentuak euskaraz idatzi ahal izango dira, toki-entitate bakoitzak onartu duen araudian ezarritakoarekin bat etorrita. Dokumentuak euskaraz edo gaztelaniaz idazteak toki-entitateko kideren baten eskubideak kaltetzen baditu eta kide horrek legez eta era baliodunean alegatu badezake ez duela ulertzen dokumentuen hizkuntza, beste hizkuntza ofizialean itzulita emango zaizkio.
24. artikuluan, hauxe da legez kanpokoa, 3. puntua:
3. Toki-entitate bakoitzak edo Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duen beste edozein entitatek, bere lurralde-eremuaren ezaugarri soziolinguistikoak kontuan hartuta, hizkuntzen erabilera zehaztuko du ofizioz hasten diren administrazio-prozeduretarako. Euskara erabilera normal eta orokorreko hizkuntza izan ahalko da ofizioz hasten diren administrazio-prozeduren izapideetan.
36. artikuluan, 7. puntua legez kanpokoa omen. Horrela dio:
7.– Kontratua betearazteko baldintzetan, entitate kontratatzailearen eta esleipendunaren arteko harremanei buruzko erregulazioa sartu ahal izango da.
Zazpi zenbakidun puntu horretan ez dago hizkuntzaren aipurtk... baina hori da EHAA buletineko euskarazko bertsiotik kopiatu dugulako. Gaztelerazko bertsioan badago hizkuntza, eta gaizki arautua, noski, Gorenaren iritziz.
7.– En las condiciones de ejecución del contrato se podrá incluir la regulación relativa a la lengua que se empleará en las relaciones entre la entidad contratante y la persona adjudicataria.
Ez da nolanahikoa 36-7 delako puntu honetakoa. Epaileek erabaki dute ezin dela zehaztu kontratu publiko batean kontratatzailearekin lan eta harreman hizkuntza euskara izango denik. Kontratatuaren esku dago egongo da zein hizkuntzarekin jardutea erabakitzea, ez (adibidez) udal kontratatzailearen esku.
36. artikuluan 8.b puntua eta 10.a ere okerrak dira. Hemen dituzue hurrenez hurren:
b) Zerbitzua ematen duenean, esleipenduna saiatuko da herritarrekiko ahozko harremanak euskaraz izaten. Horretarako, enpresa esleipenduneko langileak euskaraz ekingo dio elkarrizketari, eta, ondoren, erabiltzaileak aukeratutako hizkuntzan jarraituko du. Zerbitzuaren erabiltzaileak zer hizkuntza aukeratu duen, hizkuntza horretan idatziko ditu enpresa esleipendunak zerbitzua emateko behar diren ziurtagiriak, txartelak, oharrak eta beste idazki batzuk.
10.– Euskadiko toki-entitateek eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateek erabaki ahalko dute hirugarrenei eskatzen dizkieten azterlanak, proiektuak eta antzeko lanak euskaraz, behintzat, idatzita egotea, salbu eta, xedea dela eta, nahitaez gaztelaniaz idatzi behar direnean. Eskakizun hori jasota egon beharko da onartzen diren administrazio-kontratuen baldintza-agirietan.
EAEko auzitegiak 12. artikulua ere legez kanpokotzat jo zuen, eta hori behintzat salbatu du Gorenak. Hori bakarrik onartu zaio Jaurlaritzari. Honakoa:
Euskadiko toki-entitateek eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateek, beren egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta, tokiko jardueretan euskara zerbitzu-hizkuntza eta lan-hizkuntza gisa orokorrean eta normaltasunez erabiltzeko modua antolatu eta arautuko dute, jarraian ageri diren artikuluetan jasotako irizpideekin bat etorrita.
Ba hara zer salbatu duten! "Euskara zerbitzu-hizkuntza eta lan-hizkuntza gisa orokorrean eta normaltasunez erabiltzeko modua antolatu eta arautuko dute" EAEko administrazioek. Arautu bai, baina gero, arau zehatz erdi-onuragarri bat egiteko orduan nola? aurreko puntu guztietan adibideak NOLA EZIN daitekeen arautu. Arautzeko eskubidea bai, baina ez gero euskararen aldeko ezertxo ere egiten saiatu.
Erantzun
Sartu