Teknologia albisteak

Denbora-bidaiariaren selfie sorta

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-12-25 : 09:20

Stelfie izenarekin, norbaitek Stable Diffusion adimen artifizialeko irudigintzako tresna erabiltzea erabaki du, denbora-bidaiari batek atera zitzakeen irudiak lortzeko. Twitterreko kontu honetan ikus daitezke irudiak.

Hemen goiko adibidean, Leonardo da Vinciren tailerra bisitatu du gizonak, Leonardo Gioconda marrazten ari den unean. Irudi horretan, besteetan bezala, denbora bidaiari burusoila (ez dakigu benetako itxura hori duen sortzaileak, edo aurpegi hori ere adimen artifizialaren emaitza den) kamerara begira agertzen da, selfie posturan, telefono-kamerari eskuaz eutsiko balio bezala.

Iraganeko argazki batzuek errealismo ukitu interesgarri bat dute, hala nola piramideetako honek:

 

Une mitikoetara joatea ere erabaki du, ordea, hona Troiako zaldiarekin, mitologikoa den kontu bat, dudarik gabe:

 

Giza-historia baino lehenagora joateko gaitasuna ere badu, dinosauroen garaira, kasu:

Itxura batean irudiak NFT gisa saltzen ere saiatu da gizona... Tira, alde horretatik kritikatu dute, baina egia esanda, ez dugu uste asko aterako duenik. Irudien pixel hauek guztiz kopiagarriak dira hemen itsastearekin demostratzen dugun bezala. Era berean, adimen artifizialez sortutako irudi hauen copyrightez libreak direla ebazten ari dira adituak 2022 honetan.

Jarraitu https://twitter.com/StelfieTT 

Erantzun

Sartu