Teknologia albisteak

Googleren hizkuntza lehenespenekin kezka

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-12-24 : 09:27

Lehengoan kritikatu genuen nola erabiltzaile euskaldunek, bilaketak eginez gaztelerazko konfigurazioetatik, gaztelerazko orrietako informazioa gehiago klikatzen duten, non eta euskarazko pareko informazioa (hobea, kasu askotan) dagoen. Wikipediako bertsolari ezagunen bisita kopuruek adierazten dute hori, gaztelerazko ikustaldi gehiago dituztelako euskaraz baino. Kontua da, ordea, Katalunian nabaritzen hasi direla konfigurazio egokia duzunean ere, Google hasi dela nabarmentzen lehenago gaztelerazko edukia, katalanezkoaren gainetik. Katalanen ildotik aproba egin dugu eta hala gertatzen da bai.

Gure aproben arabera, bertsolari bat bilatuz gero, euskarazko edukia lehenago ageri zaigu emaitzetan, Google euskaraz eta euskarazko konfigurazio batetik bilaketa eginda. Hona txapeldunaren kasua:

Aldiz, katalanek erabili duten adibide baten kasu bera errepikatukoan, J'accuse Emile Zolaren manifestu ezaguna, lehenago gazteleraz, eta azpian euskaraz:

Katalanez, Josep Ganyetek egin du aproba, baldintza guztiak betetzen dituela adieraziz: sistema eragilea katalanez, nabigatzaileko lehenespenak, ezarpenak katalanez, eskualde jatorria ere Andorra jarri dugu, eta hala ere, J'accuse gaztelerazkoa ematen dio Googlek emaitza lehenetsi bezala.

Vilawebeko artikulu honetan iradokitzen dutenez, Googlek algoritmoa aldatuko zuen azken garaian, lehenesteko balio global handiagoa duten orriak hizkuntza lehenespenen gainetik. Baina espekulazioa da. Batek daki. 

Hain zuzen ere, Vilawebeko artikuluan nabarmentzen duten ondorioetako bat izan daiteke Wikipedian erabiltzaile katalanak hasiko direla gero eta gehiago gaztelerazko edukia kontsultatzen non eta katalanezko edukia badagoen. Bertsolarien izenen bilaketaren kasuan geuk salatzen genuena: bada nahiko faena euskaldunon jokabidea, ez ditugula gure gailuak ondo konfiguratzen euskarazko emaitzak lortzeko, baina horretaz gain, gure konfigurazioari muzin egiten badio Googlek... jai daukagu!!

Erantzun

Sartu