Google bilaketa-emaitzetan ustez adimen artifizialak nabarmentzen dituen testu-azalpen nagusiak ematen hasi da hizkuntza batzuetan. Desastre batzuk gertatzen hasi dira. Adibide aski argigarria honakoa, gazteleraz eta ingelesez ikusi duguna: euskara salbuetsita dago oraingoz. Galdetuz gero nork esan zuen ez sinesteko Interneten irakurtzen duzun guztia, Abraham Lincoln edo Platon bezalako pertsonaien aipua dela esaten dizu.
Zientziaz ikuspegi feministarekin jarduten duen Uhun Ultramoreak podkasteko gidariek, Ana Galarragak eta Alaitz Otxoa de Eribek (Elhuyarreko zientzia-dibulgatzaileak), solasaldia izango dute Donostiako San Telmo Museoan datorren ostegunean, 19.00etan, Miren Berasategi Deustuko Unibertsitateko irakasleak moderatuta. Abiapuntua, galdera interesgarri bat: Nola ikusiko litzateke teknologia femeninoan?
Joan den astean aproba bat egin ondoren, gaurkoa inaugurazio ofiziala edo. Ion Lizarazu Sustatuko CodeSyntax-eko taldeko lankideak prestatuko ditu, esatari lanak hartuta bide batez, asteroko Sustatuko edukien errepasoak. Sarean, gure multimedia atalean geratuko dira gordeta, eta baita Youtubeko gure kontuko Shorts atalean. Eta ikusgai daude baita ere ZniTB (Zer Non Ikusi TB, Android) euskarazko bideo-kanalen aplikazioan.
Izenak.eus da webgune sinple eta erabilgarria euskarazko izenak aurkitzeko. Mutilen izenak, nesken izenak, eta izen epizenoak, hau da, genero markarik gabeak neska zein mutilentzat egokiak (Euskaltzaindiaren sailkapenen arabera, bederen).
UEUren Udako Ikastaroen barruan antolatu ohi den Jakin Jardunaldia ekainaren 20 eta 21ean izango da, Usurbilen. Gatazkaren memoria eta memoriaren gatazka izango du izenburu, eta hain zuzen historia, memoria eta errelatoaren inguruko gogoeta landuko da bi egunez, ikerlan, ekimen eta kultur adierazpideak uztartuz. Izen ematea zabalik da ekainaren 17ra bitarte.
Historiarekin txat adimentsuak egiteko tresna aipatu dugularik aste honetan, gaurko Twitcheko eta Segura Irratiko zuzenekoan, Karl Marx elkarrizketatu dugu zuzenean. Euskaraz txukun erantzun digu, komentzimendu handiz komunismoaren alde eginez. Horrez gain, Sustaturen artxiboak bildu dituen eduki berriei begiratua eman diegu, juxtu duela 5 urtera salto eginda, ea zer zegoen euskarazko Interneten puri-purian 2019ko maiatzean, eta zehatzago maiatzaren 30ean.
Euskarazko Wikipediak 433.000 artikuluen muga gainditu berri du (ikus estatistikak), eta horrekin batera 33. postua eskuratu du artikulu kopuruan,Wikipedia guztien ranking edo zerrenda honetan. Lorpena ospatzeko, diseinu berritzailea estreinatu du gaur gure Wikipediak, eta munduko lehenengo hizkuntza da hainbat eduki interaktibo azalean erakusten, tartean irakurleak gertu dituen artikuluak.
Habla con la Historia adimen artifizialeko API ez identifikatu batekin egindako Adimen Artifizialeko (AA) tresna bat da. Irakasle espainiar batek sortu du, bere kasa ematen duenez, eta zera proposatzen dizu, txat adimentsu baten eran elkarrizketa izan AAk gorpuztutako historiako pertsonaia batzuekin. Ustez euskaraz ere funtzionatzen du, pertsonaia batzuekin bai bederen, ez guztiekin, guk konprobatu dugunez.
Sustaturen hemeroteka edo artxiboa, 2001. urtetik argitaratu izan ditugun gure eguneroko edukien bilduma, are osoagoa da orain. TBX eta Umap zerbitzuak itxi egin behar izan ziren iaz, Twitterreko APIaren itxieragatik, baina bi zerbitzu horietan urteetan pilatu eta sailkatu ziren edukiak Sustatura etorri dira orain.
Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien 2024ko edizioarentzako (sarien 36. edizioa) lehiaketa oinarriak argitaratu dituzte, eta proposamenak aurkezteko epea ireki ere bai. Euskarazko kazetaritzaren eta komunikazioaren kalitatea, bikaintasuna eta berrikuntza bultzatzea da Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren helburua. RAKS sarien 2023ko garaileak izan ziren Bideak (Kazetaritza atalean) eta Lore Hostoak (Komunikazioan) podkastak.
Eduki multimediatiko berriarekin hasi gara. Bideo bertikal bat egingo dugu asteburu-hastapen bakoitzean, Youtuben short esaten dioten formatuan. Ion Lizarazu Sustatuko CodeSyntax-eko taldeko lankideak prestatuko ditu, esatari lanak ere bere gain hartzen. Hona probakoa izan dena. Sarean, gure multimedia atalean geratuko dira gordeta, eta baita Youtubeko gure kontuko Shorts atalean.
Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak (EWKE) EHGAM elkartearekin batera lantegia antolatu du Wikipedian LGBTI+ gaiak eta biografiak modu egokian landu ahal izateko. Jardunaldi irekia antolatu dute ekainaren 8an, larunbatarekin, Donostiako Teila Fabrikan (Egia auzoan). Harrotasunaren hilabetean, ekintza interesgarri bat dudarik gabe.
Polemika batzuetan zentratu gara gaurko Segura Irratiko eta Twitcheko zuzenekoan. Batetik, Busturialdeko lau lagun salatu dituztela Twitterreko mezuengatik, meme eta iritzi arruntak, baina salatzaileek "jazarpentzat" joak. Beste polemika, urrutiagokoa: Scarlett Johansson aktoreak salatu du OpenAI enpresa, ChatGPT-ren sortzailea, bere ahotsa erabili edo imitatu dutelakoan ahots-interfaze bat sortzeko orduan (aldi berean Her filmeko 2013ko zientzia-fikzioa nolabait berreginez errealitatean).
(B)egia lelotzat hartuta, azken urteetan bezala Zarautzen egingo dute Literaturia literatura jaialdia, bihardanik igandera arte. Azoka, liburu aurkezpenak eta askotariko ekitaldiak antolatu dituzte aurten ere.
Adimen artifizialaren eta sormenaren arteko euskal polemikatxoa izan dugun bezala, beste bat piztu da irismen globalagoa izan dezakeena: Scarlett Johansson aktorearen eta OpenAI enpresaren artean, ChatGPT-ren ahots zerbitzu berriaren inguruan. Her filmekoa bezalako sistema bat sortu nahi izan du OpenAIk, eta gehiegi hurbildu dira zinemakora, Johanssonen ahotsa baimenik gabe imitatzeraino.
Lau lagun Gernikako epaitegian agertu ziren atzo, beraien kontra jazarpen salaketa jarri dutelako. Onintza Enbeita bertsolaria, Asier Musatadi musikaria eta beste bi pertsona dira ustezko jazarleak; eta salatzaileak dira Mario Lopez Lointek Gernika saskibaloi taldeko entrenatzaile ohia eta Lointek klubeko beste pertsona bat. Salaketaren motiboa dira, Berriak argitaratu duenez, urtarrilean Twitterren zabaldutako mezu batzuk. Mezuetan erreferentzia egiten zitzaion Mario Lopezen kontrako abusu salaketei, eta Lointek taldeak Lopezekiko izandako jarrera bigun edo ulerkorrari, zeina Gernikako Sare Feministak ere aipatu zuen agiri batean abenduan (artikulu honetako irudi nagusia da agiri hartan jarri zuten traol eta mezukoa da). Eguneraketa, 17.00: Argian irakurri dugunez, lau pertsona hauen kontrako salaketa artxibatu egin du epaileak.
‘Euskal Herriko ipuin mitologikoak’ (Eguzkilore Liburuak editorialarekin kaleratu du Aritza Bergara idazleak, eta bere prompt edo ahaleginekin adimen artifizialez sortutako irudiz ilsutratua dator. Liburuaren lehen eskaintza Gara egunkariaren eta Naiz webguneko sustapen batez egin da, eta han jarraitu behar zuen eskaintzak maiatzaren 26a arte. Baina gaur jada desagertu da sustapena bertatik. Motiboa izan liteke polemika eragin duela sare sozial batzuetan adimen artifizialeko ilustrazioak erabili izanak.
Guka aurkeztu zuen Urolako Komunikazio Taldeak (UKT) atzo Azpeitiko Basazabal jauregian egindako ekitaldian. Guka.eus eskualderako webgunea sortu da, eta banakako herrietako webguneetan ere izen aldaketak izan dira. Tokikom hedabide taldekoa da UKT, eta Guka web proiektu berritua ere Tokikom plataformaren gainean dago eraikia.
Giza Liburutegia izenarekin lantegi/ekimen bikoitza egingo da datorren astean Donostian eta Irunen. Baina komeni da kontzeptua ulertzea: "Giza liburutegia" pertsonek osatzen duten zerbait da, kasu honetan "Giza Eskubideak defendatzen dituzten emakumek", hain zuzen.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hezkuntza Sailak 2024an ikus-entzunezkoak ekoizteko dirulaguntzen deialdia kaleratu du. Ekainaren 6a arte dago epea irekita.