Teknologia albisteak

Scarlett Johansson, Her, Sky eta OpenAi (a ze nahasmena)

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2024-05-23 : 08:30

Adimen artifizialaren eta sormenaren arteko euskal polemikatxoa izan dugun bezala, beste bat piztu da irismen globalagoa izan dezakeena: Scarlett Johansson aktorearen eta OpenAI enpresaren artean, ChatGPT-ren ahots zerbitzu berriaren inguruan. Her filmekoa bezalako sistema bat sortu nahi izan du OpenAIk, eta gehiegi hurbildu dira zinemakora, Johanssonen ahotsa baimenik gabe imitatzeraino.

GPT4o sistema joan den maiatzaren 13an aurkeztu zuen OpenAIk. Sustatun bere testu gaitasuna probatu genuen, euskarazko artikulua sistemaren bidez idatziz. Itzulpen automatikoko eta ahots bidezko interfaze baten gaitasunak ere erakutsi zituzten aldi berean. Gehigarri edo aukera horietako bati Sky deitu diote, eta Siri edo Alexa ahotsezko aginduetarako erabiltzen den bezala iPhone eta Android-etan, app bidez laster erabili ahal izango den gauza bat dirudi, euskaraz ere bai agian.

Kontua da sistema iragartzearekin batera Twitterren OpenAI-ko nagusiak, Sam Altman-ek, hitz bakarreko txioa bota zuela: Her, zioen hartan. Izenordain femenino ingeles baten forma itzulgaitza euskaraz, eta 2013. urteko film bat ere bada Her (euskarazko azpidatziak ditu, hor goian duzue pantaila irudia), zeinean protagonistak (Joaquin Phoenix aktoreak gorpuztua) oso naturalki hitz egiten duen adimen artifizial edo "sistema eragile pertsonalizatu" batekin lotura emozional eta teknikoa sortzen duen. Sistema adimentsu hori ahotsez bakarrik komunikatzen da, eta Scarlett Johansson aktorearen ahotsa da hori.

Eta ustea zabaldu zen, beraz, Johanssonen ahotsa darabilela OpenAIk Sky egiteko.

Hauxe da Sky sistemaren ingelesezko ahotsetako bat, ez gaude ziur Scarlett-en imitazioa honi esaten dioten ala beste bati, baina kalitateaz ohartzeko balio digu.

Eta hara zer diren gauzak, protesta egin du Scarlett Johanssonek eta publikoki adierazi du zer gertatu den hemen:

  • Iazko irailean Sam Altmanek eskaini ziola adimen artifizialeko ahots sistema bat bere ahotsarekin trebatzea. Johanssonek uko egin zion.
  • Bederatzi hilabete igarota, aurtengo maiatzaren 11n, GPT4o irten baino bi egun lehenago, Altmanek berriz jo zuen Johanssonen agentearengana, berriz pentsatzeko iraileko aukeraz.
  • Ezer erantzuteko aukera izan aurretik, Sky irten da, denek entzun dute, eta Johanssonek dio asko direla bere ahotsa eta makinarena bereizteko gauza ez direnak.

OpenAIk bere aldetik jada ukatu du Johanssonen ahotsa erabili dutenik. Baina Johanssonek abokatuen esku utzi du kontua, eta bere salaketa ikusita, Altmanen txioa, eta gainerako guztia, printzipioz OpenAI larri egon daitekeela pentsa liteke. Johanssonek dio: "Garai honetan, non deepfake-ekin (imitazio faltsu aurreratuak) borrojan gaudenean, eta gure itxura, lan eta identitateen defentsan, uste dut auzi hauek argitasun osoa merezi dutela".

Erantzun

Sartu