Euskarazko Wikipediak 433.000 artikuluen muga gainditu berri du (ikus estatistikak), eta horrekin batera 33. postua eskuratu du artikulu kopuruan,Wikipedia guztien ranking edo zerrenda honetan. Lorpena ospatzeko, diseinu berritzailea estreinatu du gaur gure Wikipediak, eta munduko lehenengo hizkuntza da hainbat eduki interaktibo azalean erakusten, tartean irakurleak gertu dituen artikuluak.
Euskal Wikilariek Kultur Elkarteak (EWKE) bere 2024-2027 egitasmoan ezarri zuen 2027a amaitu aurretik euskarazko Wikipedian 500.000 artikulu izateko erronka. Horretarako, egunean 50 artikulu baino gehiago egin behar dira. Aste honetan euskarazko Wikipediak 433.000 artikuluen muga gainditu du (Terra Australis izan da artikulua), eta gaur bertan 33. postua eskuratu du artikulu kopuruaren zerrendan, errumanieraren atzetik.
Okasioarekin bat etorriz, euskarazko Wikipediako azala berritu da, diseinu erakargarri eta modernoa ezarriz. Wikimedia Fundazioaren laguntzarekin egindako aldaketa honek modu intuitiboago eta sinpleagoan erakusten ditu hainbat eduki. Aldaketa honen bidez, lehenengo Wikipedia izan gara bi eduki interaktibo azalean eskaintzen, “Esploratu” deitzen den sekzio berriarekin. Sekzio honetan irakurleak ikus ditzake berarengandik gertu dauden lekuen Wikipediako artikuluak, eta aurreko egunean gehien irakurri ziren artikuluak zeintzuk diren. Sekzio hauek dinamikoki aldatzen dira egunero.
Sartzen bazara Wikipediako azalera orain, ikus dezakezu...
Baina onartu Gertuko orriak erakutsi aukera, eta horra, Sustatu egiten dugun CodeSyntax-eko bulegotik gertuko emaitza batzuk azaltzen zaizkio hemen editoreari:
Azal berrituan aurki daitezke beste eduki batzuk:
Euskarazko wikilarien komunitatea indartsu ari da lanean sareko entziklopediarik handiena elikatzeko, eta ezagutza librea hedatzeko. Horren erakusgarri da Txikipedia bezalako ekimena, ikasturte honetan 7.000 artikuluen muga gainditu duena, eta aplikazio berritua ere baduena. Edo egunero emakumeen biografiak gehitzeko egindako lana, dagoeneko 19.000 biografia baino gehiago ekartzea lortu duena.
Wikipediako edukia hobetzeko bidean, EWKEk martxan beste ekimen aipagarri bat LGBTI+ gaiak eta biografiak idazteko lagungarria izango den gida baten sorrera da. Hau jardunaldi batean landuko da ekainaren 8an Donostian.
Artikulu kopuruaz gain, artikulurik garrantzitsuenen kalitatean igotzen jarraitzen du euskarazko eduki entziklopedikoak. Euskara da Wikipedia guztiek izan beharreko 10.000 artikuluen zerrendako artikulu guztiak dituen bi hizkuntzetako bat (serbierarekin batera), eta hilabete honetan zerrenda horretako biografiak hobetzeko lehiaketa martxan izan dute. Lehiaketa horri esker 2.500 kb eta 130.000 hitz baino gehiago gehitu dira biografia esanguratsuetan.
Era berean, Wikipedia guztiek izan beharreko 1.000 artikuluen zerrendan hobetzen jarraitzen du, eta hurrengo astean argitaratuko den ranking berrituan 17. hizkuntza onena izango garela aurreikusten dute, portugesaren atzetik.
Erantzun
Sartu