Teknologia albisteak

Twitterreko mezuengatik salatu dituzte Onintza Enbeita, Asier Musatadi eta beste bi lagun

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2024-05-22 : 09:41

Lau lagun Gernikako epaitegian agertu ziren atzo, beraien kontra jazarpen salaketa jarri dutelako. Onintza Enbeita bertsolaria, Asier Musatadi musikaria eta beste bi pertsona dira ustezko jazarleak; eta salatzaileak dira Mario Lopez Lointek Gernika saskibaloi taldeko entrenatzaile ohia eta Lointek klubeko beste pertsona bat. Salaketaren motiboa dira, Berriak argitaratu duenez, urtarrilean Twitterren zabaldutako mezu batzuk. Mezuetan erreferentzia egiten zitzaion Mario Lopezen kontrako abusu salaketei, eta Lointek taldeak Lopezekiko izandako jarrera bigun edo ulerkorrari, zeina Gernikako Sare Feministak ere aipatu zuen agiri batean abenduan (artikulu honetako irudi nagusia da agiri hartan jarri zuten traol eta mezukoa da). Eguneraketa, 17.00: Argian irakurri dugunez, lau pertsona hauen kontrako salaketa artxibatu egin du epaileak.

Berriako artikuluan testuz identifikatzen dira Enbeita eta Musatadi salatzeko oinarri izan ziren txioak. Hauxe da Enbeitaren txioa, beste bat iruzkinduz egina. Beste hori Gernikako Sare Feministak zabaldu zuen, irudi honekin:

Aditzera ematen da Lointek klubak babes ematen ziola urtarrilean Lopezi, non eta ustez abenduan harremana eten zuten. Onintza Enbeitak txio hori iruzkindu zuen bezala, beste jende askok ere komentatu zuen sare sozialetan aparkalekuko kontua.

Asier Musatadiren kontrako salaketaren motiboa da meme bat zeraman txio hau. Hauxe da irudia:

Erdikoa Mario Lopez da eta, Berriaren arabera, beste bi pertsonetako bat da Berrian identifikatu ez duten salatzailea. Gernikako Sare Feministak zabaldu duen testu batean esaten da beste salatzaile hori Amaia Lezamiz dela. Irudian eskumatan agertzen den pertsona da Lezamiz.

Berriak kontatzen duenez, Musatadik pertsona baten bisita jaso zuen eskatzeko meme-txioa ezabatzeko, bestela salaketa jasoko zuela. Eta jaso zuen. Salatzaileetako batek, halaber, laneko bulegoan erasoa jasan zuen otsailaren 22an, simaurra bota zioten, eta salatzaileak uste du memea dela erasoaren jatorria. Simaurra erabili zeneko eraso horrek beste salaketa bat eragin zuen epaitegietan, eta otsailaren 28ko Gernikako Udaleko osoko bilkuran ere izan zuen agerpena. Hiru talde daude Gernikako udalbatzan (Guztiontzako Herriak, EAJ eta EH Bildu) eta hiruek salatu zuten simaurraren erasoa (batzarraren bideoa Youtuben dago).

Erantzun

Sartu