Teknologia albisteak

Historiarekin mintzatu: "Ongi etorri ontzira! Elkano naiz!"

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2024-05-30 : 08:22

Habla con la Historia adimen artifizialeko API ez identifikatu batekin egindako Adimen Artifizialeko (AA) tresna bat da. Irakasle espainiar batek sortu du, bere kasa ematen duenez, eta zera proposatzen dizu, txat adimentsu baten eran elkarrizketa izan AAk gorpuztutako historiako pertsonaia batzuekin. Ustez euskaraz ere funtzionatzen du, pertsonaia batzuekin bai bederen, ez guztiekin, guk konprobatu dugunez.

Esate baterako, irudiek erakusten duten bezala, Juan Sebastian Elkanorekin (Elcano idatzita) jardun dugu euskaraz. Erantzunak ez dira beste txat adimentsu batzuetan bezain azkar etortzen, baina badatoz, eta zentzu pixkatekin idatziak eta euskara txukunean, esango genuke.

Francisco Goya margolariarekin ere euskaraz jardun dugu, egindako probetan, baina Napoleonengana jo dugunean, ez, gazteleraz erantzun digu guk bakarrik euskaraz egin arren. "Kaixo Napoleon" esan diogu, eta galderatxo bat zuzendu. Berak erantzun ordea, "kaixo, estimado interlocutor", eta gero guk galdetutakoari ondo samar erantzun dio.

Gaiaren aldetik ere galdetu diogu Bonaparte jaunari, berriro euskaraz, ea ze gudu napoleoniko gertatu ziren Euskal Herrian. Gasteizko guduarekin erantzun digu (galdera ondo ulertuta baina berriz ere erdaraz), galdu zuen gudu inportante bat, baina Baztan Haraneko gudua edo Tuterakoa ez dizkigu aipatu. Nafarroan izan zirelako akaso? Tira, garaipenak izan ziren Napoleonentzat eta Garaipen Arkuan daude inskribatuta, Parisen.

Pertsonaia dexenterekin eduki daitezke elkarrizketa hauek, ikus hemen izen batzuk, baina ez gara ibili banan-banan probatzen ea norekin euskaraz eta norekin ez.

Ezagutu eta probatu https://hablaconlahistoria.es/ 

 

Erantzun

Sartu