Bideak eta Lore Hostoak podkastak, Rikardo Arregi sarietan irabazle
Bideak (Kazetaritza atalean) eta Lore Hostoak (Komunikazioan) izeneko podkastek irabazi dituzte aurtengo Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak, gaur Andoainen egindako ekitaldian jakinarazi denez. Ekitaldi berean, ohorezko mugarri saria jaso du Menane Oxandabaratzek, Irulegiko Irratiaren sortzaileak.
‘Bideak’ podcastari emandako saria Ion Telleria eta Goizeder Taberna kazetariek jaso dute. Podkast hori ‘Mediabask’-ekin elkarlanean sortu zuen NAIZ Irratiak. Frantziar Gobernuak Euskal Herriko mugak itxi eta kontrolak gogortu zituenetik horrek migratzaileentzat izan dituen ondorioak ditu aztergai, zazpi ataletan: ‘Bide galduak’, ‘Bidegileak. Nori ixten dizkio ateak Europak?’, ‘Irun, harrera herria’, ‘Checkpoint’, ‘Dublingo bidea’, ‘Harrera Lapurdin’ eta ‘Bide berriak’.
Lore Hostoak podkastak komunikazio saria irabazi du, eta Ekain Perezek jaso du. Berak egindako musika elkarrizketak dira EITBren podkast komunitate honetako muina.
Irabazle bakoitzak 9.000 jaso ditu. Finalistek garaikurrak jaso dituzte, eta hauek izan dira: Kazetaritza atalean:
- Kinka podkasta, Berria egunkariak larrialdi klimatikoari eskainitakoa.
- Geuria Hego Uribeko tokiko aldizkariaren Zelan sentitzen zara ale berezia.
- Xabier Itzaina, Dantzan.eus webgunean idatzitako kronika sorta.
Komunikazio sariko finalistak berriz:
- #10garrena podkasta, fikzio sorta bat iazko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren harira.
- Harpa Jotzen, Idoia Torregaraik eta Mirari Martiarenak umorez jorraturiko podkasta.
- ‘Muak et’ webseriea.
Erantzunak kargatzen...