
Topi Tjukanov izeneko garatzailearen proiektua da Notable People mapa egitearena. Mundu osoko mapa interaktibo bat da, baina Euskal Herrira hurbiltzean, halako pertsonaia nagusi hauek agertzen zaizkigu nabarmenen: Maurice Ravel, Inazio Loiolakoa, Frantzisko Xabierkoa eta Miguel Unamuno, eta gertu xamar, Hernike IV.a Nafarroakoa (Frantziako III.a), Pauen jaiotako erregea.
Netflix eta Amazon Prime Video euskarazko bikoizketak eta azpidatziak eskaintzan hasi dira uda honetan jarraikortasun nabarmen batekin. Netflixeko lehen bikoizketa uztailean izan zen, baina materiala gehitu dute harrezkero. Amazonen azpidatzi absurdo batzuekin hasi ziren udaberrian, baina udan zehar estreinaldi estandarragoak hasi dira euskaraz eskaintzen. Streaming zerbitzu handietan aparte geratu dira oraingoz Disney Plus eta HBO Max. Bada zer kontsumitu erabiltzaile euskaldunen artean, eta gogora dezakgun Behategiak aztertu duena, Euskal Herriko populazioaren erdia baino gehiago plataformen kontsumitzaile edo harpidedun dela, eta portzentaia are handiagoa dela euskaldunen artean
"Euskal Herri anitza", "gazteria anitza",... horrelakoak aski erraz adi daitezke; areago irakurri, beharbada, Javier Cuadra txiolariak aipatu bezala; baina formula hori okertzat jo du Euskaltzaindiak, eta Plazaberri agerkarian espreski hala adierazi. Orotariko Euskal Hiztegiak erakusten du anitz hitza iparraldeko euskalkietakoa eta nafarrerakoa izan dela eta tradizioan ez dela adjektibo gisa erabili izan. Plazaberrik zehazten du XX. mendeko corpus estatistikoan 1989an ageri dela lehenbizikoz anitz adjektibo gisa erabilita, eta hortik aurrera zabaldu zenla erabilera hori. Kontua du... ez du balio 1989tik aurrera hedatu den erabilerak?
Datu eta zerbitzu digitalek eta bereziki, lainoa esaten zaion hori, espazio lauso eta ez-material bat bezala irudikatzea erraza da, baina egiazki datu-zentro fisiko handiak behar dituzten azpiegituretan oinarritzen dira. Eta azpiegitura fisiko gisa, energia kontsumo ikaragarria eta beste era bateko zamak dakartzaten zerbitzuak dira. Aurtengo Europako uda lehor eta energetikoki behartsuan ikusi dira adibideak: Londresen etxegintzan arazoak ez dagoelako energiarik, eta Holandan Microsoften datazentroak neurririk gabe ura behar dutela.
Dall-e eta Parti tresnez egin dugu berba, eta baita bereziki Dallek sortzen dituen irudi harrigarriak partekatu. Era honetako aplikazioen mundua hazten ari da astetik astera, eta Midjourney eta Stable Diffusion dira agertu diren beste bi aukera. Horietako bat, Midjourney, erabiltzen hasi dira zenbait wikilari irudi mitologikoen ilustrazioak Wikipediara igotzeko.
Google Lens duela urte gutxi batzuetatik martxan dagoen Googleren tresna baliagarri bat da. Irudietatik testua eraitsi eta bisualki itzultzeko balio du, eta aplikazio beregain gisa praktikoa da zure mugikorrean adukitzea. Orain, Chrome nabigatzailean integratu dute, eta PC ordenagailuko ingurunean ere oso erraz erabiltzen ahal da horrela. Adibide batzuekin ilustratu dugu.
Iragarpen bitxia egin zuen BMW autogileak uztailean: beren auto modelo batzuek eserlekuen beroketa sistema bat izango dute, ipurdia epeletan ezartzeko, baina harpidetza sistemarekin. Hau da, hileko 18 dolar ordainduz gero, autoan aktibatuko zaizu eserleku-beroketa. Harpidetza eten, eta "urrutitik" zure autoaren softearea kontrolatuko du BMW-k eserleku beroketa ez gehiagho martxan jartzeko. Eztabaida-puntu interesgarriak daude honetan: a) Internet of Things edo Gauzen Internet delakoa zein punturaino aplikatzen ahal den gauza absurdoetan eta b) erosten duzu gailu/gauza bat, baina softwarearen kontrola fabrikatzaileak beretzat du eta zu ez zara gai gailua zeure erara erabiltzeko.
Erdaldun elebakarrekin alderatuta, euskaldunek proportzio handiagoan erabiltzen dituzte streaming plataformak. Behategiak aztertu zuen berriki eta datuak interesgarriak dira oso. Populazio osoaren erdia baino gehiago harpidedun da jada zerbitzu hauetara Euskal Herrian (pertsonalki, edo familiaren bitartez, edo harpidetza partekatuarekin).
Elhuyarren itzultzaile automatikoak, Eliak, berrikuntzak dakartza uda honetan egindako eguneraketan, itzulpenak azkarrago eta errazago egin ahal izateko: Norberak bere ordenagailuko mahaigainean instalatzeko aplikazioa garatu dute batetik; eta hitz solteetarako egokitu itzultzailea ere bai.
Benjamin TD izeneko garatzaile batek Chronotrains izeneko sareko mapa aplikazioa lortu du. Kronotrenak, alegia. Europako trenbide lerro jakin batzuetan, ordutegien datu irekiak gehituta, toki jakin batetik 5 ordutan dagoen irismen geografikoa markatzen du
Poltsiko Antzerki Sorkuntza deialdia, 2022/2023 ikasturterako, irekita dago, Donostiako Udalak konbokatzen duen laguntza bat. Poltsiko Antzerkian, eta orokorrean, formatu txikiko antzerkiaren inguruan euskarazko lanen eskaintza urria izan ohi da. Hori ikusita, alor horretan euskarazko sorkuntzak bultzatzea da ekimen honen lehen helburua. Irailaren 16a arte dago epea proiektu aurkezteko.
Black is Beltza II: Ainhoa, abiatuta Fermin Muguruzak zuzendutako animazio film berria, Anoetako Belodromoan estreinatuko da, irailaren 23an, Donostiako Zinemaldian.
"Zure platerean hasten da mundua" elikadura osasuntsu eta ekologikoaren inguruko euskarazko dokumental bat da. Bere hurrengo emanaldia tokatuko da datorren astean, Iruñeko NIFF zine jaialdian, abuztuaren 18an 20.00etan. Dokumentala landu du Landarlan Ingurumen Elkarteak, EHKOlektiboaren laguntzarekin (agroekologia lantzen duen baserritar eta herritarren takdea).
Euskararen normalizazioa ardatz duten 'Euskara ala Ezkara' hitzaldi zikloak urtero egiten dituzte Elgoibarren, Elgoibarko Izarra euskara elkarteak eta Topaguneak antolatuta. Aurtengoan kirolarekin lotuko dute kezka soziolunguistikoa: Elgoibar, kirola eta euskara. Hiru elementu horiek izango dira aurtengo jardunaldiko elementu edo osagaiak.
Pandemiaren bi urteko krisiak ekonomian eragindako kalteak zuzentzeko edo, Europako Batasunak “Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak" (SEM) deituriko funts publiko batzuk askatu eta banatu zituen. EAEko esparruan, Next Generation Euskadi izeneko plangintza batera bideratu dira funtsak. Joan den astean, Eusko Jaurlaritzak Next EB Gen webgunea aurkeztu zuen, Europako SEM funtsen deialdietara, lizitazioetara eta laguntzetara sartzeko.
Espainiako gizonezkoen futbol liga nagusiko partidak euskarazko lokuzioarekin jarraitu ahal izango dira Athletic, Erreala eta Osasunaren kasuan, ordainpeko DAZN streaming zerbitzua kontratatuz gero.
DA! sormen beka deitzen du azken urteotan Durangoko Azokak. Aurtengo deialdirako (5. edizioa da) gaia arte eszenikoak dira: antzerkia, dantza, zirkua, performacea... Proposamenak irailaren 21era arte aurkez daitezke, da eta behin aurkezturiko pieza guztiak aztertuta, Durangoko Azokaren aurtengo edizioan ezagutzera emango dute irabazlearen izena.
Albiste izaten ari da aurtengo udan eguraldia Europan zehar. Beroaldi itzelak, eta lehorte jarraitu eta kezkagarri bat. Suitzan, artista batek, ura galdu duen ibai batean instalazio edo eskultura artistikoa egiten ari da lokatzaz eta buztinez: uraren maila itzultzen denean, suntsituko da, eta hori da koxka, arte iragankorra izan dadila, eta lehenbailehen iragankorra, sikutea nolabait igaro delako seinale izan baitaiteke artelana urak eramatea.
Irailaren 2a arte dago zabalik Martin Ugalde beka deialdia, Martin Ugalde Kultur Parkeak antolatua. Hauxe izango da aurkezteko proiektuentzako gaia: “Martin Ugalde Orradreren ekarpena Euskal Herriari eta euskal kulturari, berak landutako eremuetako edozein kontuan hartuta”.
Kutixi filosofikoen bilduma argitaratu du Oiartzungo "Oi(h)artzun filosofikoa" taldeak. Hamaika kontakizun eta hamaika ilustrazio, hamaika galderaz lagundurik, gaztetxoentzat pentsatuta. Euskal Herrian eta euskaraz sortutako materiala.