Garapen teknologiko harrigarri horietako bat. Atzo iragarri zuen Googlek bere NotebookLM tresna ez oso ezagunean audioak sortzeko gaitasuna 50 hizkuntzatara hedatu duela. Probatu dugu (beste teknofilo batzuek ere bai), eta harrigarria da. Entzun emaitzak artikuluan.
NotebookLM da tresna esperimental edo akademiko bat, dokumentu desberdinetatik laburpenak eta abarrak sortzekoa, baita modu kolaboratiboan ere. Egia esanda, ez ditugu bere erabilpen gehienak ondoegi ulertzen, bereziki anotazio sistema partekatuak. Baina audio gaitasunak, orain euskaraz, ahozabalik utzi gaitu. Lehenengo eta behin, NotebookLM eleanitza da, baina interfazea ingelesez bakarrik du. Orduan, sartu eta euskaraz funtzionatzeko lehenengo gauza, settings edo ezarpenetan output hizkuntza aukeratu: euskara hortxe dago.
Aproba honetarako, asteleheneko itzalaldiari buruzko hiru artikulu pasatu dizkiogu: Berrian agertu den artikulu informatibo hau, eta aditu bati elkarrizketa, eta Argia agerkariko analisi hau. Artikuluen bilduma bat egin du, eta izenburu egoki bat ere asmatu dio: "Itzalaldiaren jatorria eta eztabaida: fotovoltaikoak ala sarea?" Jarraian, beste aukera batzuk ere eskura ditugu, interfaze puska honetan ikus daitezkeenak.
Eta horietan, Audio Overviewk podkast bat sortzen dizu. Hau da, ez du testuaren irakurketa arrunt bat egiten, testutik-ahotsera bihurgailu batek emango lizukeena, baizik eta bi ahotsen arteko elkarrizketa eran egindako laburpen bat. Hona emaitza:
Beste aproba bat egin dugu artikulu akademiko batekin. Nafarroako testu zahar batzuen gaineko azterketa egin du Ekaitz Santazilia hizkuntzalariak, eta hona emaitza. Datak, urteak, oso modu arraroan irakurtzen ditu, eta ahoskerari poloniarra deritzo Santaziliak berak (hemen argitaratu aurretik pasatu diogu audioa), baina guztiz arbuiagarria ere ez da berarentzat emaitza: "Nola ez, akatsen bat ere bai, pragmatikan batez ere, baina oso interesgarria."
Inportantea: euskarazko materiala emanez sortu ditugu goikoak, baina berdin da erdarazko testu bat pasatzen badiozu. Iazko genetika historikoko artikulu honekin egin du jarraian datorrena NotebookLMk.
Euskara mailak, bai, asko du hobetzeko. Gazteleraz bikain egiten duelako da. Hona aproba bat Xabi Ezpeleta informatikariak partekatu duena (euskarazko beste adibideren batekin batera).
Eta audioez gain, kronologiak, mindmap erako grafikoak... holakoak ere sortzen ditu NotebookLM-k. Hona adibide grafiko parea:
Erantzun
Sartu