Iragarpen bitxia egin zuen BMW autogileak uztailean: beren auto modelo batzuek eserlekuen beroketa sistema bat izango dute, ipurdia epeletan ezartzeko, baina harpidetza sistemarekin. Hau da, hileko 18 dolar ordainduz gero, autoan aktibatuko zaizu eserleku-beroketa. Harpidetza eten, eta "urrutitik" zure autoaren softearea kontrolatuko du BMW-k eserleku beroketa ez gehiagho martxan jartzeko. Eztabaida-puntu interesgarriak daude honetan: a) Internet of Things edo Gauzen Internet delakoa zein punturaino aplikatzen ahal den gauza absurdoetan eta b) erosten duzu gailu/gauza bat, baina softwarearen kontrola fabrikatzaileak beretzat du eta zu ez zara gai gailua zeure erara erabiltzeko.
Bigarren B) delako puntua hobeto ulertzeko, kontura gaitezen zer esan nahi duen BMWren proposamenak: eserleku beroketa berez autoetan ezarrita dagoen aukera da; ez da XZ modelo aurreratuan badagoen kontu bat eta ez ordea XY modeloan. Autoak eduki badauka aukera; baina hura aktibatzea ez dago zure esku; ez dago botoi bat, termostato bat edo programazio aukera bat zuk aktibatzen beroketa nahi duzunean. BMWri ordaindu beharreko harpidetza sistema bat dago, eta ordaintzen baduzu, BMWren lantegitik edo ordenagailuen lainotik berotuko dizute ipurdia.
Lehenago ere ikusi dugu: Fabrikatzaile batek ibilgailu baten urrutiko kontrola beretzat gordetzen du software bidez, eta horrela bere konponketak edo moldaketak bere esku daude, ez eroslearen esku. John Deere traktoreekin gertatu izan da, non softwarea hackeatzeko industria bat ere sortu den, nekazariek benetan beren traktoreen kontrola eduki ahal izateko.
Izatez, BMWren iragarpenaren ondoren, hackerrak ere irten dira merkatura, sortuko dituztela aukerak software murrizketak gainditzeko. Izatez, gero eta aukera hedatuagoa da hau, bi norabidetan garatzen ari den joera:
1) autogileek software bidez, eguneraketa programatuekin eta harpidetza ereduarekin egin nahi dute negozioa.
2) software murriztapenen kontrako merkatu beltz samar bat ezartzen da.
Erantzun
Sartu