Teknologia albisteak

Wikipediako pertsona ezagun edo inportateenak, mapa batean

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-08-27 : 10:34

Topi Tjukanov izeneko garatzailearen proiektua da Notable People mapa egitearena. Mundu osoko mapa interaktibo bat da, baina Euskal Herrira hurbiltzean, halako pertsonaia nagusi hauek agertzen zaizkigu nabarmenen: Maurice Ravel, Inazio Loiolakoa, Frantzisko Xabierkoa eta Miguel Unamuno, eta gertu xamar, Hernike IV.a Nafarroakoa (Frantziako III.a), Pauen jaiotako erregea.

 

Wikipedia/Wikidatako datu irekietan oinarritutako artikulu bateko lana aprobetxatu du Tjukanovek. Kristo aurreko 3500. urtetik 2018rainoko datuak biltzen dira, eta uste dugu pertsonaien garrantzia markatzen duela pertsonaia jakin baten orriak zenbait hizkuntza-bertsio dituen hizkuntza batean.

Ulertzeko nola egin den hau, mesedez jarraitu gure bidea... Ireki dezagun Maurice Ravel musikari lapurtarraren orria euskarazko Wikipedian. Ezker zutanean, Wikidata sinboloa eta esteka topatuko dugu.

Wikidata hizkuntzaz neutroa den datubase erraldoi bat. Wikipedia elika dezakezu hizkuntza bateko orrietan testua, edo datu jakinak Wikidatan gehituz, isla izango dutenak (potentzialki), Wikipedia guztietan. Hona Maurice Ravelen wikidata orria.

Zenbait datu agertzen dira bertan, hobetu eta osatu daitezkeenak denon artean, baina baita, interfazearen ezkerretan pantaila honetan, zenbat hizkuntza-bertsio dituen pertsonaiak Wikipedia desberdinetan: 84 artikulu hau idazteko unean. Euskal pertsonaia nabarmenena omen (jaiotzaz).

Mapari begiratuta, dena den, Europako zoom urruti samar batean ez da Euskal Herriko inor ageri, bai Bearno partean gorago aipatu dugun Hernike IV.a Nafarroakoa. Euskal Herrira zoom eginez, Unamuno, Frantzisko Xabierkoa, Ravel... bista batzuetan bat edo beste agertzen da edo desagertzen da: grafikoki izenek elkarri traba egiten diotenean, algoritmo ezkuturen batek erabakitzen du bat edo bestea azaldu edo ezkutatzea.

Zoonm eginez gero, edozein punturaino hurbil gaitezke. Ikusi Urdaibaiko itsasadarra, eta bertako pertsonaia nagusiak: Nestor Basterretxea, Juan Sagarbinaga, Fede Etxabe eta... behingoagatik emakumezko bat: Joane Somarriba txirrindularia.

Izan ere, emakumezkoen falta da mapa eta datutegi honek agerian jartzen duena. Wikipedian oro har genero desoreka nabarmena da biografia duten profilen artean, eta mapak hori agerian jartzen du. Hala ere, datutegiaren arakatze finago batek akaso permitituko luke Notable Maps hobetzea sexuaren araberako bilaketa baimenduz. Izan ere, orain pertsonen azpisailkapen hau permititzen du mapak:

  • Culture
  • Discovery & Science
  • Leadership
  • Sports & Games

Ba generoaren arabera ere bai, eskatuko diogu egileari, ea posible den.

Ikus Notable Maps mapa hemen: https://tjukanovt.github.io/notable-people 

Erantzun

Sartu