Teknologia albisteak

Energia krisi europarrean, 'lainoko' datu-zentro erraldoiak zama gehigarria dira

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-08-24 : 10:18

Datu eta zerbitzu digitalek eta bereziki, lainoa esaten zaion hori, espazio lauso eta ez-material bat bezala irudikatzea erraza da, baina egiazki datu-zentro fisiko handiak behar dituzten azpiegituretan oinarritzen dira. Eta azpiegitura fisiko gisa, energia kontsumo ikaragarria eta beste era bateko zamak dakartzaten zerbitzuak dira. Aurtengo Europako uda lehor eta energetikoki behartsuan ikusi dira adibideak: Londresen etxegintzan arazoak ez dagoelako energiarik, eta Holandan Microsoften datazentroak neurririk gabe ura behar dutela.

Londresko albistea uztailekoa da: hiriko aldirietan datacenter erraldoiak eratu dira azken urteetan, Equinix, Rackspace edo Iron Mountain bezalako konpaienak, eta energia kontsumoa ikaragarria dute. Are datu-zentro gehiago jada eraikitzen ari direlarik, Londresko argindar azpiegiturak, toki horietara energia eramatekoak, ezin aldi berean garatuta dabiltza. Eta horrek eragin du etxegintzan: Londres bizitzeko ikaragarri garestia izanik, aldirietan urtero 65.000 etxebizitza berri beharko liratekeela jendeari toki egiteko kalkulatu du Udalak. Eta hala ere, etxebizitza horiek ere argindarra beharko dutelarik eta iristen ez delarik, etxe eraikuntzako planak geldiarazten ari dira.

Herbehereetan, Hollandse Kroon herrian dago Microsoft-en datu-zentro erraldoi bat, eta herrialdean ur-murrizketak ezarri direlarik, nonbait Microsoft salbuetsita dago ezinbestean: urteko 84.000 tona ur behar ditu zentroak, non eta baimena lortu zutenean beharko zutena 12-20 mila tona artean izango zela esan zuen Microsoftek. Hemen albistea.

Ordenagailuetako prozesamenduak sortzen duen beroa gutxitzeko hotz-sistemak behar dira, eta hauetan ura behar da. Eta tenperaturak gora egiten badu, ur gehiago behar da. Izatez, 84 mila tona horiek 2021eko kontsumokoak omen dira, eta aurtengo lehen sei hilabeteetan beste horrenbeste kontsumitu omen du Microsoftek.

Oharra: Sustatu ere lainoan dago, ostatatze zerbitzuak erabiltzen ditu enpresa batenak, eta datu-zentroak ditu horrek adibidez Herbeheretan. Hala ere, teknikoki, Sustaturen datutegi nagusia, Frankfurt-en dago, Alemanian. Baina han ere energia kontsumituko dugu guk, eta zuek albiste hau irakurtzen duzuen bakoitzean.

Erantzun

Sartu