Teknologia albisteak

Euskaldunek proportzio handiagoan erabiltzen dituzte streaming plataformak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-08-19 : 10:54

Erdaldun elebakarrekin alderatuta, euskaldunek proportzio handiagoan erabiltzen dituzte streaming plataformak. Behategiak aztertu zuen berriki eta datuak interesgarriak dira oso. Populazio osoaren erdia baino gehiago harpidedun da jada zerbitzu hauetara Euskal Herrian (pertsonalki, edo familiaren bitartez, edo harpidetza partekatuarekin).

 

Otsailean aurkeztu zuen txosten bat jardunaldi baterako Behategiak, eta zenbait datu nabarmentzen ziren bertan. Jada populazioaren erdiak bazuela 2021ean streamuing zerbitzu baterako harpidetza Hego Euskal Herrian 2021erako; beraz, 2022an hortik gora egongo da ziur.

Ikus-entzunezkoen kontsumitzaile gazteen artean da bereziki handia datua: hamarretik zazpi 25-34 urte bitartean, eta hamarretik ia zortzi 14-24 urte bitartean. Ikusleak gazteenak izan arren, harpidetzaren ordaintzaileak nagusiagoak dira. Hona grafikoa:

Harpidetzaren bat dutenen artean (populazioaren erdia) % 85k du Netflix kontu bat. Honek esan nahi du urte hasieran populazio osoaren % 42k zuela Netflixerako sarbidea. Harpidedunen % 52k du Amazon Primerako sarbidea (populazioaren % 26) eta % 22k HBO (populazioaren % 11).

Behategiak euskararen ezagutzarekin ere erkatu zituen datuak. Hego Euskal Herriko harpidedunen artean, hamar harpidedunetik zazpi moldatzen da euskaraz, populazioaren %71. Azterketaren unean, euskaraz hitz egin, irakurri eta idazten dutenen artean %57 da plataformetako harpidedun, eta euskara ulertzen ez dutenen artean %43.

Beraz, bikoizketa eta azpidatzietarako publiko potentzial eta ehuneko esanguratsua.

Erantzun

Sartu