Larunbaten ehortzi zuten Frantzisko aita santua Santa Maria Maggiore basilika bikainean, Erroman, Vatikanotik 5 bat kilometrora. Alboko kaperen artean, toki xume batean hilobi xumea da, irudi bat gurutzearekin, eta hilarria izenarekin: FRANCISCVS grafia latinoz, edo, zehatz irakurri eta transkribatu behar badugu, agian FR A NCISC VS ze badirudi halako hutsune arraro batekin tartekatu dituztela hizkiak... Interneteko tipografia zaleak konturatu dira jada, kerning edo tracking egokia falta zaio izenari.
Lehen begiratu batean, edozein konturatzen da hizkien arteko tarteetan irregulartasun nabarmen bat dagoela FRANCISCVS horretan. Hizki-artekoaren arazoa? Hizki-artekoa modulatzeari tracking edo kerning esaten zaio. Bi teknika desberdin dira hizki sorta batek zabalera zehatz bat edo bisualki orekatua dirudien itxura bat izan dezaten.
Kerning da bi hizkiren arteko espazio zehatz moldatzea; hizki gehiago izan ditzake testuak, baina ez da hizki-tarte guztietan aplikatzen, baizik eta zehazki pare batean edo bestean.
Tracking da hizki-tarte guztiak aldi berean moldatzea tarte homogeneo bat izan dezaten.
Frantziskoren izenarekin egin dutenak kerning oso gaizki pentsatua dirudi (kerning satanikoa!), oker baten ondorioa dirudi, ez du traza logiko edo estetikorik. Egin behar zena da, hilarriaren zabalera itxura harmoniatsu bat ematekotan, izango zen erdiko alineazio bat, edo tracking ganorazko bat, hizki-tarte homogeneoekin, eta ez FR tartea bat izanik eta RA tartea beste bat.
Termino hauen azalpen bat euskaraz, diseinu grafikoari buruzko dokumentu honetan (PDF). Bertan, tipografiari buruzko atalean, terminologia euskaraz azaltzen diguten bi grafiko dotore, besteak beste:
https://media.sustatu.eus/media/argazkiak/ifa/serifa.jpg
Erantzun
Sartu