
NGC 2903 galaxia enfokatu eta jarraitu du astrografia egiteko Urtzi Odriozola Sustatu eta CodeSyntax-eko lankideak. NGC 2903 galaxia gisa geure galaxia Esne Bidearen nahiko antzekoa hainbat ezaugarritan. Bere tamaina gure galaxia baino apur bat txikiagoa da, 80.000 argi urte inguruko hedadurarekin. NGC 2903k, gainera, Horrez gain, gutxienez hiru galaxia satelite txiki ditu: horietako bat galaxia esferoidal nano bat, eta beste bat uste da materia ilun ugariz hornitua egon behar duena, Eguzkiarena baino 100 milioi aldiz masa handiagoa izanik.
Figma erosi du Adobek, atzo jakinarazi zenez, diseinu eta sorkuntza bisualerako dituen tresna sortan bat gehiago gehituz (Photoshop, Illustrator edo Premiere bezalako produktu sortara gehituz Figma). Web eta app garapenean Figmak azken urteotan erabilpen zabala lortu du munduan, eta orain seguruenik Adoberen lizentzien eredura igaroko da. Alternatibak egon badaude eta horietako bat, Penpot, software librea da eta laster euskaraz egongo da.
Hizkibridoak / Literatura mutanteak jardunaldiak antolatu ohi ditu Bilboko Euskararen Etxeak azken urteotan, eta aurtengo ekitaldien egitaraua laster hasiko da. Horrez gain, 2023ko ediziorako ekitalfi bat garatzeko deialdia ireki da, 3.000 euroko saria duena.
Plataformen inguruko albiste sorta bat pilatu dena azken orduetan: munduko merkatuaren datu batzuk zabaldu dira, Emmy sarietan plataformen nagusitasuna baieztatu da batik bat telebistako sormenean, eta euskaldunontzat inportantea: Zer Non Ikusi webguneak agindutako gehikuntza gauzatu du, ez bakarrik bikoizketen berri, orain azpidatzitako edukien berri ere ematen du.
2022ko lehiaketan aurkezturiko itzulpen-proiektuen esleipenaren berri eman du EIZIEk, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak.
Usurbilgo Udalak eta Jakin Fundazioak Joan Mari Torrealdai zenaren izenean beka deialdi bat hasi dute aurten. Torrealdai Bekaren lehen ediziorako gaia zera da: "Euskara eta kultura gaurko eta biharko gizartean". Urriaren 24ra arte dago zabalik proiektuak aurkezteko epea, eta aukeratzen den proiektuak 14.000 euro jasoko ditu lana egiteko.
Elizabeth II.a erreginaren heriotzak erreakzio ugari sortu ditu Interneten. Oso ospetsua den norbait hiltzen denean, bi jarduera nabarmentzen dira online bereziki: memegintza eta Wikipediako eguneraketa azkarrak, ingelesezko termino batek, 'deaditors' (dead-editor, hil-editoreek) delakoek bereziki egiten dituztenak. Euskarazko edukiari dagokionez, Elizabeth II.aren orria eta Karlos III.a errege berriarena eguneratuta daude Wikipedian, eta memeen artean, ilustratzeko hartu dugun hau dexente ari da zabaltzen (Kutsidazu Bidea, Ixabel!)
Ordezkagunea webgune inportante bat da EAEko administrazioan, eta larri dabil egun hauetan. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko (Lehen eta Bigarren Hezkuntza) ordezkapenen webgunea da, "zerrendetan" dauden milaka irakasle ordezkok erabiltzen dutena, eta ikastetxeek ere bajak betetzeko behar dutena. Aurreko ikasturtean nahiko arin eta modu praktikoan funtzionatu du, baina irail honetan, astelehenetik, praktikan blokeatuta dago. Bihar hasten da ikasturtea eta milaka irakaslek ez dute aukerarik ikusteko ze plaza eskaintzen diren.
EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatzen duen Bilbo Zientzia Plaza jaialdiaren bosgarren edizioa izango da datorren astelehenetik (irailaren 12tik) irail amaierara arte (30era arte). Bi erakusketa eta zazpi ekitaldi biltzen ditu programak 2022ko edizio honetan.
Euskaltzaindiak bere mendeurrenean berritu zuen webgunea, 2018an, baina orain azala eta mugikorretarako gaitasun batzuk eraldatu dituzte, azken urteetan online jarritako baliabideei sarrera errazago jartzeko. Baliabide erabilienak nabarmenago jarri dituzte, horien artean hiztegien kontsulta bereziki. Izan ere, akademiaren arabera, 2022ko hasieratik %20 igo da erabiltzaileen kopurua eta hori omen da "Berbaxerka eta Wordle jolasen ondorioz, batez ere, jolas hauek Euskaltzaindiaren Hiztegia erabiltzen baitute oinarri gisa".
Felix Etxeberria Larrañaga 'Parapan' Elgoibarko herrigintza eta euskalgintzako erreferente eta bultzatzailea hil zen joan den astean, 95 urte zituela. Elgoibarko herrigintzan, kooperatibismoan eta euskalgintzan aritu zen urteetan, eta besteak beste, Elgoibarko Izarra kultur elkartearen eta Danobaten sortzaileetako bat izan zen.
Lehengoan aipatu genuen nola nazioarteko ingelesezko astekari inportante bayek, The New Yorkerrek, erreportaia luzea eskaini ziola Mondragoneko esperientzia kooperatiboari. Oraingoan, maila beretsuko izen handiko beste astekari bat dakarkigu: The Economist, hizkuntza gutxituen berreskurapen prozesuari begiratu diote, euskararen kasuari arreta jarriz.
Udaberrian egin zuen Mercesde Kareaga Beka berriaren deialdia Eibarko Udalak, baina lan-proposamenik aurkeztu ez denez, bigarren deialdi epe bat ireki da, urriaren 31ra bitartean.
Sustatu webgunea egiten dugun CodeSyntax enpresako bulegoan lankide teknologoen arteko kolaborazio bat: txori habia bat prestatu, ea inguruan dabiltzan kaskabeltzak bertara datozen, jatera bederen. Habiaren barruan, bideo-kamera ere jarri dugu eta prozesua dokumentatu dugu bideo honetan.
Zelebritien munduko albistea da aste honetan, Leonardo di Caprio eta bere azken lau urteotako neskalaguna, Camila Morrone, jada ez daudela elkarrekin. Inor ez da apurketarekin gehiegi harritu, aurten bete ditu 25 urte Morronek, eta hori da Di Caprioren neskalagun batek izan dezakeen gehienezko adina. Grafikoak eta estatistikak daude Leoren legea azaltzen dutenak, urteetako frogak bildu dituztenak.
Ezin Kabitu leloarekin, Euskal Herriko 1. Jatunaldiak edo jatunaldi lodiak egingo dituzte Gernikan irailaren 9tik 11ra, Astra eraikinean. Gorputzen aniztasuna eta pertsona lodiek pairatzen duten lodifobiaz politikoki tratatzeko topaketa bat izango da.
Euskal gai bat agertu da The New Yorker AEBetako aldizkari entzutetsuan: Mondragoneko esperientzia kooperatiboari buruzko erreportaia landu bat. zenburu eta luzapena, honakoak ditu: How Mondragon Became the World’s Largest Co-Op - In Spain, an industrial-sized conglomerate owned by its workers suggests an alternative future for capitalism.
Ooso Comics etxeak, japonierazko manga komikiak itzultzen eta banatzen dituen argitaletxe katalanak, euskaraz argitaratu den lehen manga komikia argitatatu berri du: X-Venture - Gorputza krisian - Erreskate handia du izena komikiak eta hiru aleko serie bat da, non lehena argitaratu berri den abuztuan. Duela urte batzuk Euskal Encodings-en bildu ziren manga-itzulpen batzuk, amateurrak uste dugunez, baina oraingo hau argitalpen ofiziala da. Manga Japoniako komikiak izendatzen dituen hitza da, estetika, kultura eta industria propio bat han, nazioartean zabalkundea izan duena; eta eragina izan duena eta daukana bideojokoen munduan zein bereziki ikus-entzunezkoetan, anime marrazki-bizidun japoniarretan bereziki.
Adimen artifizialeko irudi sorkuntzan azaldu den izen berrietako bat Stable Diffusion da. Tresna honen inguruan, sortutako irudien biltegi edo bilatzaile bat sortu da, Lexica.art. Izan ere, irudi sorkuntzako tresna hauek ingelesezko proposamenak idatziz funtzionatzen dute: testua dute input gizatiarrean alegia, prompt terminoarekin finkatzen ari den zerako zera. Prompt edo idatzizko eskaera edo proposamen horien bilatzailea da Lexica, eta horrela beste batzuen asmakuntzek ze emaitza izan duten ikus dezakegu.