Euskarabildua topaketa teknologikoaren aurtengo goiburua hau da: Nork gobernatzen du Internet? Galdera horri erantzuteko prestatu dute egitaraua, eta datorren azaroaren 4an izango da hitzordua, Donostiako San Telmo museoan.
Nazioarteko konferentzia soziolinguistikoa egingo da datorren astean Azpeitian: Arnasguneak Hizkuntza Gutxituen Biziberritzean. Urriaren 16an eta 17an. Izena emateko aukera dago oraindik, hemen. Antolatzaileak dira Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea, Soziolinguistika Klusterra, Udako Euskal Unibertsitatea, Coppieters Fundazioa; eta babesleak Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Azpeitiko udala, eta Europako Parlamentuko funtsak.
Joan den astean iragarri zuen Elon Musk oligarkak Wikipediari aurre egingo zion proiektua: Grokipedia. Bere adimen artifizialeko (AA) Grok zerbitzuaren bidez elikatuko omen den entziklopedia benetakoa eta ez-wokea, ildo ideologikoki zuzenekoa. Jada ireki du webgune bat, baina artikulu mordoa dagoela esan arren, momentuz ez dago halakorik, eta bai ordea paradoxa bat: badirudi Grokipedia zentzu guztietan imitatuko duela Wikipedia, logoetatik hasi eta zerbitzu osagarrietara, eta izatez orain funtzionatzen duten bilaketek ematen dutena da literalki Wikipediako edukia, ez AAk sukaldatutako ezer.
Circle Populations tresna geografiko sinple bat da, Tom Forth garatzaileak sortua. Munduko puntu batean markatu puntu bat, eta bertatik erradio jakin batean zenbat pertsona bizi diren esaten dizu. OpenStreetMap-eko kartografia librearekin eta datutegi irekiekin sortu du Forthek tresna.
On.eus webgunea aurkeztu dute: euskararekin harreman zuzena duten pertsonei laguntza eta baliabideak eskaintzea du xede webgune elebidun honek (euskaraz eta frantsesez dago). Ekimenak eduki praktikoak sortu, bildu eta publiko zabalaren esku ematen ditu.
E-posta helbide baten egitura badakigu nola den: izena + a bildua + domeinu bat. Teoria oinarrizkoa hori da, baina ze salbuespen edo aldagai daude, zeinuak, espazioak, eta segun domeinuak nola agertzen diren. Jakingo zenituzke onak eta txarrak desberdintzen?
Arqueología e Historia aldizkari espainiarraren 63. alea, urrikoa, aldez aurretik zetorren iragarria baskoien herriari eta historiari buruzkoa izango zela. Azala, zeinean badirudi erreferentzia egiten zaiola "Ocho Apellidos Vascos" filmari (bi pertsonaiak hango aktoreen oso antzekoak dira), izan zen komentagai duela aste batzuk, aldizkaria banatu aurretik, eta baten batek jarri zion goitizena, Ocho Apellidos Vascones. Baina sorpresa benetako argitalpenarekin etorri da: gizonezko baskoiaren lepoan agertzen den Irulegiko Eskuak "ESPAÑA" dauka idatzia alfabeto latinoz. Ilustratzailearen erabaki lotsagarria dela esan du argitaratzaileak, barkamena eskatu dute, eta zirkulaziotik kendu aldizkaria.
Eusko Jaurlaritzak epea ireki du startup disruptiboek irtenbide digitalak emateko Bind programaren edizio berriari. Urriaren 20ra arte, enpresa berriek proposatzen diren 7 erabilera-kasutarako soluzioak aurkeztu ahal izango dittze, eta proiektuan sartuz gero, bitartekaritza egingo du Bind programak soluzio horiek irits daitezen hainbat euskal enpresatara.
Beste adierazpen bat zabaldu dute Euskal Udalekuetako hezitzaileek, aurrekoa bezala beren Instagram kontutik, baina JPG bat izan beharrean bideo batean irakurria. Zehaztu dute dutxa mistoengatik salaketak bai jaso dituztela, baina erasoengatik ez. Jasotako elkartasuna ere eskertu dute. Jarraian transkripzioa.
Izaskun Arrue Kulturguneak (IAK) Bagare beka deialdia egin du. Araban kultur estrategia euskaltzaleak sustatzeko ekimena da, 4.000 €-ko ikerketa-beka deialdia, sei hilabetean lantxo bat egiteko. Azaroaren 3a arte dago epea.
Durangoko Azokako Kabia digitalean eta sortzaileen ataletan proposamenak aurkezteko epea irekita dago, urriaren 6a arte. Sortzaileentzako proposamenak, hemendik. Eta hemen Kabiako proposamen digitalak.
Loraldiak eta EHU Kultura Bizkaiak elkarlanean aurkezten dute Sormenola 2025-26 programaren edizio berria. Loraldia Gaztea ardatz estrategikoaren barruan kokatzen den ekimen hau euskal sorkuntzaren harrobi gisa finkatu da, eta aurten apustua areagotzen du: interesa izan dezakeen orori zuzenduta, tailer guztiak doakoak izango dira. Gainera, formatua berritu da eta saioak hilean behin egingo dira, ostegun arratsaldetan, Leioako EHUko kanpusean, talentu berrien parte-hartzea errazteko.
Lander Arretxea komunikatzaile eta iritzigileak hausnarketa egin du Twitterren (orain X deritzo) Bernedoko gertaeren inguruko eztabaiden ondorenean, Twitterreko Euskal Herriko eztabaiden giro politiko zerk hartu duen. Xenofobiak eta transfobiak, irain ultraeskuindarrek, labur esanda. Arretxearen iritziz, kontra egiteko modua litzateke, zilegitasuna ukatu eztaibada horiei, edo " itzul daitezela EHko kazetariak, kulturgileak, iritzi-emaileak (eta oro har, aktualitatean interesa duen edonor) plaza honetara" (Twitterrera alegia).