Telegram kanala utzi (Teknologia Pilulak zeritzona) eta Substack plataformaren bidezko buletina edo newsletterra sortu du Beñat Erezumak, Adimen Artifizialean (AA) berezitutako dibulgatzaile teknofiloak. E-posta bidez jasotzen diren buletinen pizkunde garai batean gaudela dirudi. Sare sozialetatik kanpoko jarraipen forma ganorazkoagoak sortzeko behar bati erantzuna. Bost urteko Telegrameko jardunaren ondoren, hemen azaldu du Erezumak aldaketa.
Joera honekin bat egin duen beste bat, Berria egunkaria. Lurraldeetako buletinak sortu zituen urrian (bost, Ipar Euskal Herrirako bat), eta hemendik harpidetzen ahal zara horietara. Asteroko buletinak dira horiek, Nafarroakoa eta Ipar Euskal Herriko astelehenetan zabaltzen da 18:00etan; eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako buletinak ostegunetan, 18:00etan horiek ere.
Berriak banatzen duen beste buletin interesgarri bat Pello Urzelai kazetariarena da. Kazetaritza ardatz deritzo, eta Sustatun ere iragarri genuen. Igandeetan egiten da bidalketa. Hedabideen ingurukoa da, oro har.
Buletin edo newsletter izenpeduna halaber Berriako kolaboratzaile batena: Ana Malagon idazlearen (teknofiloa hau ere) Cottage Zaharretik (hau ere Sustatun aurkeztua). Berrian idazten dituen zutabeen aipuak eta edukia aurki daitezke, baina bonus interesgarriekin eta estekekin osatzen du berea Malagonek.
Erantzun
Sartu