Teknologia albisteak

Abenduko Pizkundea ekitaldira gonbidatzen gaitu Kontseiluak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 10:43

Abenduaren 27an milaka euskaltzale batu nahi ditu Euskalgintzaren Kontseiluak euskararen etorkizunaren aldeko ekitaldian. Pizkundea du izena ekitaldiak, abenduaren 27an izango da Bilbao Arena pabilioian, eta sarrerak salgai jarri dituzte jada Pizkundea.eus webgunean.

Kultur kutsukoa izango da Bilboko ekitaldia, eta musikak eta musikagileek, euskararen soinu-bandak, presentzia nabarmena izango dute, 17.00etan Bilbao Arenan hasiko den ebentoan. Xehetasunak eta artisten zerrenda aurrerago zabalduko dute.

Hala aurkezten du Pizkundea Kontseiluak: "Euskaltzaleon komunitate sentimendua sendotu eta arnasa kolektibo bat izango da, Pizkunde berri baten premia irudikatzeko momentu sinboliko bezain garrantzitsua. Eta Pizkunde horretarako bidean etorriko diren beste mobilizazio batzuen abiaburu. Euskaltzaleon garaia da. Biltzekoa. Elkarrekin arnasa hartzekoa."

Euskara larrialdi linguistiko egoeran dagoela dio Kontseiluak, eskuhartze sendorik egin ezean, euskararen etorkizuna jokoan dagoela. Baina larritzeko osagai guztiak izan arren, itxaropen mezu bat zabaltzeko unea ere badela uste du Kontseiluak, eta euskaltzaleei dei egin die indarrak batzeko eta euskararen etorkizunari norabide berria emateko.

Abenduaren 27rako, beraz, Pizkundea.eus-en salgai jada sarrerak. 

Erantzun

Sartu