EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak 15 urte bete ditu, eta joan den ostiralean egin zuen ospakizuna, Bilbon izandako ekitaldian. Topaketan Iker Badiolak, Katedrako zuzendariak, nabarmendu zuen Katedrak 2010ean sortu zenean finkatutako misioan jarraitzen dutela (herritarren kultura zientifikoa sustatzea gizarte demokratikoago baterantz aurrera egiteko), baina ere berean konpromiso hori zabaldu nahi dutela: "Zientzia gizartearen txoko eta ertz guztietara hurbildu nahi dugu, ezagutza ahalik eta jende gehiagorentzat eskuragarri eginez martxan jarriko ditugun ekimenen bitartez."
Artikulu batean osatu ditu asmo horiek Badiolak: "Ikuspegi irisgarri eta multikanal baten aldeko apustua egiten dugu, askotariko publikoengana iristeko aukera emango diguna: gure blogetatik (Zientzia Kaieran, Cuaderno de Cultura Científica, Mujeres con ciencia eta Mapping Ignorance) ikus-entzunezko plataformetara; gure sare sozialetatik zientzia-dibulgazioko jarduera presentzialetara; herri eta hirietako plaza eta kaleetatik kultura-zentroetara. Helburua da, dagoeneko finkatuta dauden espazioei eusteaz gain, hain ohikoak ez diren beste lurralde batzuetara irekitzea. Zientziak errealitate ezberdinekin jarrera hurbil eta ireki batetik hitz egin dezakeela erakusten digute Bilbo Zientzia Plaza edo Zientzia Kalean bezalako proiektuek, betiere zorroztasunari uko egin gabe."
Ezagutzaren komunikazio inklusiboaren aldeko aldarria ere egin zuen Badiolak: "Etorkizuneko zientziak ekitatiboa eta inklusiboa izan behar du, inor atzean utzi gabe generoari, lurraldeari, dibertsitate funtzionalari, kulturari edo sexu-joerari lotutako arrazoiengatik. Ez da nahikoa egotea: ezinbestekoa da gure ekimen eta proiektuen irisgarritasuna sustatzea eta bermatzea, pertsona, kolektibo eta publiko guztiengana iritsi ahal izateko. Zubia izan nahi dugu herritarrak askotariko diziplina zientifikoetako profesionalekin lotzeko; sinergiak sortu nahi ditugu ezagutza gizartean zabaltzeko balio duten tresna erabilgarriak garatzeko, biztanleriaren ongizatean benetako eragina izan dezaten, balio erantsia ekar dezaten."
Ostiraleko ekitaldian halaber Iker Badiolak eskerrak eman zizkien Katedraren ibilbidea posible egin duten pertsona eta erakunde guztiei. Eta esker hitzak zuzendu zizkion bereziki Juan Ignacio Pérez Iglesiasi, Katedrako lehen zuzendaria izan zenarentzat (14 urtez iaz arte, gaur egun Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua).
Erantzun
Sartu