Teknologia albisteak

On.eus: euskara sustatzeko baliabideen webgune berria

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 16:55

On.eus webgunea aurkeztu zuten atzo Baionan: euskararekin harreman zuzena duten pertsonei laguntza eta baliabideak eskaintzea du xede webgune elebidun honek (euskaraz eta frantsesez dago). Ekimenak eduki praktikoak sortu, bildu eta publiko zabalaren esku ematen ditu.

On.eus-en edukietarako lau hartzaile mota identifikatu dituzte: euskaraz ikasten duten haurren gurasoak (15.000 pertsona inguru), ikasten ari direnak (1.500), euskaraz bizi nahi duten euskaldunak (75.000), eta Euskarari buruz jakinmina duten erdaldunak. Publiko horientzat, zazpi atal dituzte webgunean eta 35 artikulu argitaratuak, euskaraz eta frantsesez. Azken urteetan hizkuntzaren inguruko eragileek landutako 57 dokumentu daude deskargatzeko, eta kanporako hainbat esteka.

ON! epe luzeko proiektua dela azaldu zuten atzo prentsaurrekoan. Urtea bukatu baino lehen, hilabetero webgunean atal berriak sartuko dira: aurkitegi oso bat, berri paper bat, podcastak… Azaroan, hainbat pertsona ezagunek artikuluak sinatuko dituzte: Kike Amonarriz, Céline Mounole, Pontx, Michel Feltin-Palas, Ainize Madariaga, Xan Aire, Maddi Kintana, Mirentxu Ibargarai, Xan Berterretxe, Oriane Ayestaran…

Bestalde, sare sozialetarako eduki bereziak sortuko dira, euskararen inguruan dinamika bateratzaile, interaktibo eta bizi bat sortzeko. Sare sozial erreferentziakoetan badaude jada, Mastodonen ere bai. Mezuen eta formularioen bidez, erabiltzaileek plataforma hobetzen lagun dezakete, eduki berriak proposatuz, atalak osatuz edo iradokizunak eginez. Motibatuenak testuak idaztera gonbidatuak dira. Berripapera ere sortu dute, hileroko e-posta buletina, hemendik harpidetu zaitezke.

“ON! Piztu” elkartea sortu da propio proiektua bultzatzeko. Akitania Berriaren eta EEP Euskararen Erakunde Publikoaren laguntzez gain, eta bidertatzekotan dira Europako Eskualde Garapenerako Funtsaren laguntza bat. Euskal Hirigune Elkargoaren babesa ere badu On.eus-ek. Euskalgintzako hainbat eragileak ere inplikatu dira proiektuan: Plazara elkartea, Seaska ikastolen elkartea, Bai Euskarari elkartea, Eusko Ikaskuntza, Euskal Haziak ikastetxe elkartea, Ikas pedagogia zerbitzua, eta beste asko.

Erantzun

Sartu