Teknologia albisteak

Hitz gurutzatuak Egunean Behin jokoan, Euskal Herriko Txapelketarako berotzeko

Erabiltzailearen aurpegia
gaur : 11:26

Galdera sorta berria estreinatu da aste honetan Egunean Behin jokoan: Gurutzegrama edo hitz gurutzatuak... Azaroan antolatu duten Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketako lagun jatorren laguntzarekin egin dugu. Txapelketa horretara izena emateko epea ireki da, bide batez, hementxe. 

Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen X. Txapelketa egingo dute Irunen datorren azaroaren 22an, larunbatean, eta aro berriko bigarren edizioa izango da. 0225eko azaroaren 22an, larunbatarekin, goizeko 09:00etarako bilduko dira lehiakide guztiak Palmera-Montero gunean (Leandro Agirretxe plazatxoa, 1 - 20304 Irun). 13.00ak arte dira kanporaketak eta finala, eta ondoren bazkaria.

2007an antolatu zen lehendabiziko txapelketa, eta 2015 arte LUMA taldeak antolatu zuten. Aro berri honetan Irungo Aitzondo Euskara Taldeak hartu ditu antolaketa-lanak bere gain, eta iaz hasitako bideari jarraituko dio, euskarazko jokozaleen eta hitz gurutzatu maitale ororen pozerako.

Aitzondokoak izan dira lagundu diguten galdera hauek tajutzen Egunean Behinerako. Ez da gurutzegrama oso bat argitzea, noski, gure jokoaren egiturari erreparatuz ezin baitzen hori egin: partzialki betetako 7x7ko lauki batean hitz bat asmatzea da koxka, ezkerretik edo goitik lauki zenbakia eta definizioa emango dizkizu galderak, eta hiru aukeraren artean asmatu behar. Txapelketan asmatu beharreko taulak gogorragoak izango dira: 10x10ekoa hasteko, 12x12koa bigarren proban, eta 15x15ekoa finalean. Modu klasikoan asmatzekoak, hutsetik hasita jakina.

Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen X. Txapelketaren edizio honek ohiko formatuari eutsiko dio. Txapelketa goizez jokatuko da, ohiko probei aurre egin beharko diete parte hartzaileek, zeinak Joxan Elosegi hitz gurutzatu sortzaile  irundarrak prestatuko dituen beste behin. Lehiaketaz gain, topaketa izango da, elkarrekin topo egiteko eta elkar ezagutzeko aukera izango baitut egun horretan, giro alaian eta patxadan, euskarazko hitz jokozaleek, garai batekoek eta egungoek. Bixigarria da lehiaketa, jakina, baina antolatzaileen lehen helburua ez da puntako hitz gurutzatuen ederra besterik gabe egitea, baizik eta denon gustuko giroa sortzea eta guztioi egun goxoa eskaintzea. Gero, esan gabe doa, ohorea zor zaie aurren sailkatuko direnei.

Hala nahi duten euskaldun guztiek hartu ahal izango dute parte Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen X. Txapelketa honetan, 14 urte beterik badituzte eta aurrez izena emateko orria betea badute. Horrez gainera, 5 euro ordainduko du haietako bakoitzak txapelketa egunean berean. 2025eko azaroaren 18an bukatuko da izena emateko epea. 

Informazio gehiago: https://labur.eus/gurutzatuak 

Erantzun

Sartu