Adimen artifizialaren (AA) eragina gero eta nabarmenagoa da Interneten bilatzen eta aurkitzen dugun edukiaren auzi funtsezkoan. Bilaketa da oraindik 2025 honetan Interneten informazioa edo edukia topatzeko modu nagusia, baina AAk gero eta "bitartekaritza" handiagoa egiten du hor. Jakina da bilaketaren erdiguneko tresnak, Googlek, AA modua edo laburpen esplizituak eskaintzen dituela orain bilaketa askotan, eta horrek badirudi klikak aurrezten dizkigula (Googlek dio ezetz, klik eta informazio txukunagoa ematen duela hori, sinets ezazue!). Baina horretatik gain, bi ikerketa edo datu jakinarazi dira berriki: batetik, Interneten dagoen edukiaren erdia baino gehiago AAk sortutakoa da jada, gizakiek sortu dutena baino gehiago, alegia.
Lehengoan azaldu genuen nola Wikipediak, bilaketa eta informazio atzitzearen bidez baliabide nagusietakoa denak, jakinarazi duen 2025 honetan bere trafiko globala %8 jaitsi dela, eta AAk baduela horretan zerikusirik. Informazioaren bilaketa eta atzitzean joera bat nabari da orain, eta horrekin bat egiten du beste norabide honek ere, AAk sortutako edukiaren gehikuntza.
Eduki "artifiziala" jada "humanoa" baino gehiago delako ikerketa hemen argitaratu da. Argitaratu duten grafikoaren arabera, duela urtebete iritsi zen puntua non AA edukia gizakiok sortuari gailendu zitzaion.

AA bidez idatzitako artikuluen hazkundea piztu da batez ere ChatGPT kaleratu ostean. 2025 urte hasierako datuekin egin dute azterketa, eta badirudi datuen arabera duela urtebeteko "singularitatea" gertatu ondoren, egoera egonkortu dela, baina ikusi egin beharko da aurtengo datu metatuekin ea grafikoa nora doan: zaila dirudi sinestea AA-edukiaren hazkundea gelditu dela.
Azterketaren egileek diote AA detektatzeko algoritmoek akatsak izan ditzaketela (gizakiok ere egiten ditugu: AA slop-aren eta eduki humanoaren artean desberdintzea ez zaigu beti ebidentea egiten), eta hortaz, grafikoaren fidagarritasuna ez da erabatekoa. Bestalde, azterketak nabarmentzen du AA eduki asko ez dela berez bilatzaileetako emaitzetan agertzen, eta, hortaz, ezin dela zuzenean ondorioztatu AA eduki gehiago egoteak dakarrenik jendeak klik egiten duena edukian AA gehiago aurkitzea, eduki humanoa baino.
Sakontzeko:
Erantzun
Sartu