Gaur goizean aurkeztu da Elhuyar Zientzia hedabide digitala Elhuyarren, Usurbilgo egoitzan. Garazi Andonegi Beristain Elhuyarreko Zientzia Unitateko koordinatzaileak eta Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute Elhuyarreko Kultura Zientifikoko arduradunak aurkeztu dute hedabidea: zientzia eta teknologiako euskarazko hedabide digital aniztuna.
Zientziaren eta gizartearen arteko elkarrizketak mundua eraldatzeko gaitasuna duela ikusiz eta informazioaren gizartean bizi garela kontuan izanik, Elhuyarrek Elhuyar Zientzia hedabide digitala sortu du. Etengabe egokitzeko behar horren aurrean zientzia.eus eta aldizkaria.elhuyar.eus webguneak uztartu, eta gaur-gaurko edukiak eta gizarte kritiko batentzako begiradak ekarriko ditu hedabide digitalak. Hedabidea euskaraz sortua dago, bertako ahotsekin eta begiradekin, gure teknologiarekin eta mundu zabaleko edukiak ekarrita.
Elhuyar Zientzia hedabide digitalak zientzia eta teknologiako gaiak eskaintzen ditu, formatu desberdinetan. Guztira, 25.000 edukitik gora: zientziaren arloko albistegiak eta bitxikeriak bideo laburretan; ingurumenari, feminismoari eta zientziari buruzko podcastak; elkarrizketak; euskal ikertzaileen begirada kritikoa eta iritzia; basabizitzaren argazkiak; herritarrek iritzia emateko espazioak; emakume zientzialarien efemerideak... Horretaz guztiaz gain, egungo gizarte-krisiak eta kezkak ere azalean jarriko ditu: osasun mentala, trantsizio ekosoziala, ingurumena, balioak...
Hedabide digitalak Elhuyarren garatutako teknologia aurreratuenak ditu: itzultzaile automatikoa sei hizkuntzatan (euskara, gaztelera, ingelesa, frantsesa, katalana eta galegoa), testua entzuteko ahots automatikoak, eduki-proposamen automatikoak, bilatzaile aurreratua…
Hedabide digitalaren atalak
Elhuyar Zientziak diseinu dinamikoa eta funtzionala du, eta hori azalean ikusaraziko da, batez ere edukien ikusgarritasuna areagotuta.
Kanaletan, albisteak, elkarrizketak, iritziak, argazkiak, podcastak, bideoak eta erreportajeak topatuko dituzte erabiltzaileek. Nabarmentzekoa da iritzien atala, non erreferentziazko zientzialari eta teknologoek begirada kritikoa eta estrategikoa jarriko baitute mahai gainean, auzi sozialak aintzat hartuta.
Atal berezietan, aipagarri dira asteroko inkestak, zientzian gertatzen ari diren aurrerapenek gizartean sortzen duten iritzia jasotzeko; baita hezkuntzari lotutako edukiak (albisteak, komikiak, liburuxkak eta bideoak), efemerideak eta ingurumenari buruz komunikatzeko dekalogoa ere. Nabarmentzekoa da, halaber, erabiltzaileei dibulgatzaile bihurtzeko aukera ematen dien atala; izan ere, Gai librean atalak aukera ematen dio nahi duenari bere edukia bidali eta editoreek aztertu ondoren argitaratzeko. Elhuyar aldizkariaren irakurleentzako aldizkari digitala eta Teknopolis programaren zaleentzako atala ere egongo dira.
Asteko buletin bat ere egongo da, zientziaren eta teknologiaren arloko unean uneko gai nagusien asteroko laburpen bat postan jaso nahi dutenentzat.
Elhuyar aldizkaria
Elhuyar Zientzia hedabide digitaleko edukiak lasai irakurtzeko aukera ere izango da aurrerantzean, Elhuyar aldizkariaren bitartez. Hedabide digitalean argitaratuko diren gai mamitsuak, elkarrizketa sakonak eta zientzia eta teknologiaren aurrerapenak beste erritmo batean irakurtzeko aukera eskaintzen jarraituko du aldizkariak. Orain arte bezala, aurrerantzean ere, urtean lau zenbaki kaleratuko dira, eta, harpidetuz gero, etxean bertan jasotzeko aukera izango da.
Erantzun
Sartu