Joan den astean iragarri zuen Elon Musk oligarkak Wikipediari aurre egingo zion proiektua: Grokipedia. Bere adimen artifizialeko (AA) Grok zerbitzuaren bidez elikatuko omen den entziklopedia benetakoa eta ez-wokea, ildo ideologikoki zuzenekoa. Jada ireki du webgune bat, baina artikulu mordoa dagoela esan arren, momentuz ez dago halakorik, eta bai ordea paradoxa bat: badirudi Grokipedia zentzu guztietan imitatuko duela Wikipedia, logoetatik hasi eta zerbitzu osagarrietara, eta izatez orain funtzionatzen duten bilaketek ematen dutena da literalki Wikipediako edukia, ez AAk sukaldatutako ezer.
Grokipedia ireki da Grokipedia.fun helbidea berezian, eta goiko irudian ikusten duzuen bezala, munduko 10 hizkuntza nagusitan dago, eta ustez milioka artikulu batzuekin: 6.8 milioi pasa ingelesez, 2.5 milioi frantsesez eta 1.9 milioi espainolez.
Joan gara bada, artikulu horien bila, baina gaur gaurkoz, ez da ezer aurkitzen. Ingelesez Basque language bilatuz, emaitza da Twitterren bilatzeko esteka bat, ezta sikiera Grok-en erantzuna, baizik eta txio sorta bat.
Klikatu dugu bada, eta lehen emaitza, ba hori, txio bat. Eta Trump kritikatzekoa eta iseka egitekoa gainera!
Artikuluen bilaketa nagusiak huts egin arren oraingoz, badirudi beste zerbitzu batzuekin datorrela Grokipedia, paraleloak dituztenak Wikipediaen proiektuan. Hona zerrenda.
Commons-ek izen bera du hala nola Wikipediako multimedia edukien atala (Wikimedia Commons), eta besteak ere dira Wiktionary edo Wikidata bezala...
Zerbitzu hauetan bilaketak funtzionatzen dute. Bilatu dugu adibidez aluminioa (aluminium) Grokdatan, eta ematen duena da, literalki, Wikidata benetakotik ateratako emaitza zerrenda. Irudi honetan ikusten direnak klikatuz gero, bat Wikidatara doa.
Eta ikusten duzuen bezala, hortxe dago aitortza emaitzen azpian, edukia Wikimedia proiektuetatik datorrela (Wikipedia berez alde entziklopedikoa da, proiektu osoa, formalki, Wikimedia da, baina tira, ulertzeagatik Wikipedia esanda guztiari kalterik ez). Eta lizentziaren aitortza moduko bat ere badago, CC BY-SA 4.0 lizentziak uzten baitu edukia berrerabiltzea. Hau da, Grokipediak badu baimena Wikipediako eduki horiek erabiltzeko...
Amaitzeko, proiektuak dituen logoek ere Wikipedia gogoratzen dute. Lehen bistadizoan literalki Wikipediaren globo letraz betea da, Grok-en sinboloak inguratua.
Baina gero beste logo bat agertzen da, pixkat berezituagoa baina tankera berekoa.
Zer irtengo da guzti honetatik? ez dakigu. Momentuz, hortxe duzue, https://grokipedia.fun/
Eta adi, beste esteka eta izen bat ere ikusiko duzuela hor, PumpFun. Kontuz horrekin, kripto-iruzurra izateko itxura du, Musken beste zerrikeria kontzeptual bat.
Erantzun
Sartu