
Euskariana aurkeztu dute gaur, "Euskadiko Liburutegi Digitala". 750.000 multimedia-objektu baino gehiago biltzen ditu; kasu batzuetan materiala jaisteko aukerarekin, eta beste batzuetan erreferentzia bibliografikoak, non gordetzen den objeku edo lan jakin bat. Webgunean copyright ohar zorrotz bat jarri duten arren, egiazki eduki libre mordoa dago, PDM (domeinu publikokoa) edo CC-BY lizentzia librearekin markatuta.
Zuzenekoen eta ikus/entzun formatu berrien kontuan, plataformak dira kontu bat, eta beste bat sortzaileak eta sortzen dutena. Audio gelen edo podkast sozialaren kasuan, Facebook-ek egile/sortzaile ezagunak dolar ugariekin erosiko dituela jakinarazi da. Euskal esparruan ez dago dolarrik euskarazko edukiarekin (jakina, Twin Melodyak aparteko espezie erdaldun bat dira) baina ikus-entzunezko sortzailerik bai, euskarazko edukiak sortzen, eta horietako batzuk gaur gaueko Bakarrik Edo Bi saiora gonbidatu ditu Eneko Oroz @Ameslariak.
Covid pandemiaren joera ikusirik, Durangoko Azokak osasun-neurriak egokitu behar izan ditu laster izango dene ediziorako, gaur Durangoko Udalarekin batera jakinarazi duenez. Landako gune nagusian eta Plateruena aretoan (Ahotseneako kontzertuen tokia) izen enatea ezinbestekoa izango da. Webgunearen bidez ezarriko dute erreserba sistema hori laster.
Eusko Jaurlaritzak 5 milioi euroz hornitutako diru-laguntza programa bat onartu du, EAEko prentsa idatziari eta irratiei zuzendutakoa, Covid19 pandemiaren eragin ekonomikoa arintzeko. Gaurko Gobernu Kontseiluan onartu da neurria. Berria egunkaria eta Bizkaia Irratia kenduta (330.000 euro), beste hedabide guztiak gaztelerazkoak dira (batzuetan euskarazko edukiak ere argitaratzen dituztela egia bada ere) eta 4.7 milioi euro jasoko dituzte.
Covid ziurtagiria Ipar Euskal Herrian udatik eskatzen da hainbat toki itxitara sartzeko. Hegoaldean ere aste honetan aplika zitekeela zirudien, baina Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ez da oraingoz neurria behartuko epaileek atzera bota dutelako. Nafarroan epaitegien baimena jakiteko dago oraindik, baina baiezkoa izatekotan, azaroaren 27tik urtarrilaren 6a bitartean eskatuko ditu ziurtagiria hainbat tokitan. Ipar Euskal Herrian "atezain" lanetan daudenek izan ohi dituzte aplikazioak mugikorretan ziurtagirietako QR kodeak irakurtzeko. Hegoaldera hedatuz gero, inork jakinarazi edo zabaldu du metodorik edo modurik hori egiteko? oraingoz ez dirudi. Baina, tira, egin daiteke, Interneteko doako tresnen bidez.
Pena handiz adierazi behar dugu, 20 Urte Euskaraz Interneten jardunaldian ospakizunaren partea kentzea erabaki dugula. Une honetan, Bilbon, ekitaldiak zituen osagarriak (aperitifa eta musika) egiteko arauzko baldintzak badaude, eta Bilbao AS Fabrik egoitzaren protokoloak betetzeko moduan antolatu zen gauza; baina Covid intzidentzia gora doa herri gehienetan, toki batzuetan jada ezin da piskolabisik antolatu, egitekotan jendea uzkur ager zitekeen, eta konparazio okerretarako itxura txarra emango genuke. Jardunaldiak eusten dio bere egitarauari (gehikuntzaren batekin), espazio zabal batean aforo zehatz batekin egiteko moduan baitzegoen pentsatua, eta datorren ostiral arratsaldean izango da, azaroak 26, 16.00etatik aurrera, Bilboko Zorrotzaurreko Bilbao AS Fabrik eraikinean.
Gaur abiatzen da, abenduaren 5a arte,Topaguneak proposatutako ‘Haurren aurrean helduok heldu’, ariketa, helduen euskara erabileran eragiteko. Herriz herriko antolakuntza egon da prestatzen azken egunetan, eta 80 tokitan antolatu dituzte ariketa praktikoak euren eremuetan: herriko plazetan, parkeetan, eskola irteeretan, etxeetan eta helduak haurrekin biltzen diren inguruetan.
Fagor Taldeak jasoko du 2021eko Abbadia Saria, epai mahaiak hala erabakita. Horrela iragarri du zuen duela egin batzuk Gipuzkoako Foru Aldundiak, euskararen sustapenean egindako lana omentzen duen sari honen aurtengo irabazlearen berri ematean. Abenduaren 1ean egingo den ekitaldi batean jasoko dute saria Fagorreko ordezkariek.
Rikardo Arregi sarietako 2021 edizioko Kazetaritza alorreko irabazlea aurkezten dizuegu hemen, Beñat Zaldua kazetarian eta Garan idatzi duen "Nola iritsi gara honaino" artikulu sorta, pandemiaren inguruko hausnarketa eta artikulu dokumentatu bilduma.
Atzo eman zituzten Andoainen Rikardo Arregi Kazetaritza Sariek (RAKS), bi alorretan azken urteotako formulazioari jarraiki. Kazetaritza kategorian Beñat Zaldua kazetariak irabazi zuen, Nola iritsi gara honainok artikulu sortagatik. Komunikazio kategorian, Basilika podcast komunitateak lortu zuen saria.
Aurreko asteetan urrats batzuk eman ondoren, agerpen sendoago egin izan dute astean Bakarrik Edo Bi audio-gela edo podkast sozialak Twitter Espazioan, eta Pilula Gorria Twitch-eko zuzeneko elkarrizketa saioak. Zuzenekoak izan ziren, baina ez dira joandako hautsa... bi edukiak artxibatuta geratu dira. Eneko Oroz-ek podkast modukoa sortu dio Bakarrik Edo Bi-ri, eta Lord Draugr-ek Youtubeko kanal propioa Pilula Gorriari.
Ane Iturzaeta Agirrek (Donostia, 1995) irabazi du Gladys sariaren lehenengo edizioa. Gladys sariketa EHUko Informatika Fakultateak eta PuntuEUS Fundazioak
antolatu dute 2021 honetan lehen aldiz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin, eta bere zioa da alor digitaleko emakumezko profesionalen alde egitea. Iturzaeta saritua ingeniari informatikoa da, Microsoft-en lan egiten du adimen artifizialaren alorrean, eta emakumeak zientzian sustatzeko proiektuetan aktibista eta dibulgatzaile gisa nabarmendu izan da.
30 Day Map Challenge izaten da kartografia informatikoak azaroan antolatzen duen "festibal" global. Mapak eta datuak nahasteko tresnak eta aukerak (asko libreak) gero eta zabalduago egonik, aukera artistikoak, jakingarriak eta hainbat motakoak ugaldu dira. Euskal Herriko bi garatzaile jo-ta-sua ari dira, eguneko mapa bat sortzeko ahaleginean. Ion Lizarazu (CodeSyntax) eta Galder Gonzalez (Wikipedia) hor ari dira, beraien mapa batzuk erakusten dizkizuegu hemen.
Eneko Oroz Ameslariak Twitter Espazioen bidezko Bakarrik Edo Bi audio saioaren bigarren deialdia egin du gaur gauerako (22.00etan). Sarean euskaraz goiburua jarri dio. Hemen iragarpena, klik egin abisua jasotzeko beranduagorako.
Azaroaren 26an Bilbon egingo den 20 Urte Euskaraz Interneten jardunaldirako izen-ematea ireki dugu. Topaketak bi parte ditu, hitzaldi eta interbentzioen jardunaldi bat (16.00 eta 19.00ak artean), eta ospakizun bat 19.30etatik aurrera. Aforo mugatua da bietan, eta bakoitza espazio desberdin batean izango da; hortaz batera zein bestera etortzeko aukeraz galdetzen dugu.
Azaroaren 18 eta 19an Pentsatu! 2021 izeneko jardunaldia egingo da Donostian. 18a Filosogiaren nazioarteko eguna da, eta pentsatzeko dei hori, Literaktum delako egitarau osoagoaren barruan, horretara dator. Oroimena da pentsatzeko aitzakiarako hartu den gaia.
Bihar azaroak 17, asteazkena, Pilula Gorria izeneko Twitch-eko zuzeneko emanaldia estreinatuko da. Elkarrizketa saioa izango da, hamabosterokoa, Lord Draugr delako youtuberrak egina. Lehen gonbidatua Aitziber Garmendia aktorea izango da.
Zientzia gaiak euskaraz jorratzen dituen blog berria sortu da, bizirrikitu.blogspot.com helbidean. Helburu nagusitzat gai tekniko eta konplexuak hizkuntza errazean irakurlego zabalarentzat eskuragarri jartzea du.
Irailean aurkeztu zen liburua, Online-irakaskuntza hobetzeko dekalogoa, Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) eta UOC Kataluniako Unibertsitate Irekiaren arteko lankidetzaren produktua, eta orain mintegi bat antolatu dute dekalogo horretan jasotzen direnak lantzeko, praktikara nola eraman tratatzeko. Azaroaren 17an, etzi asteazkenarekin, web mintegi formatuan, 17.00etatik aurrera. "Online irakaskuntzaren testuinguruak eta horietarako eredu pedagogikoak" goiburua eman diote mintegiari.