Euskadiko Filmategiak, DIPCk (Donostia International Physics Center) eta Zinemaldiak urtero antolatzen duten Zinema eta Zientzia ekitldia etengabe hazten da edizio berri bakoitzean. Ekimen honen bosgarren hitzordua izango denak berrogeita hamar proiekzio inguru izango ditu bost egoitzatan banatuta. Ohiko hirurei (Donostiako Tabakalera, Bilboko Arte Ederren Museoa eta Donibane Lohizuneko Le Sélect zinema) Gasteizko Artium museoa eta Iruñeko Golem-Baiona zinemak gehituko zaizkie. Programazio eklektikoa izango dute, nazioarteko zientzialari entzutetsuen presentziarekin gizarteari hausnarketa kritikoa eta kulturarekiko estimua areagotzeko.
Euskadiko Filmategia eta DIPC duela bost urte hasi ziren zientziaren hainbat alderdi jorratuko dituzten filmak programatzen Tabakaleran, arlo horretako adituen aurkezpenekin eta solasaldiekin batera. Lehenengo edizio horretatik, zikloa etengabe hazi da eta, ikusleen harrera ona dela eta, zabaldu besterik ez da egin.
Martxora arte iraungo duen ekitaldi horrek berrogeita hamar bat lan proiektatuko ditu bost egoitzatan banatuta, lehen aldiz, Gasteizen eta Iruñean ikusi ahal izango baita ekimena.
Urtero bezala, DIPCko presidenteak, Pedro Miguel Etxenike fisikariak, emango du hasiera. Mark Robsonen “El premio” filma aurkeztuko du, sektoreko sarien esanahia azpimarratzeko. Urtarrilaren 13an Gasteizen hasiko den lehen saio honen ondoren, John Huston, Jean-Jacques Annaud, Robert Zemeckis eta Christopher Nolan bezalako zuzendari ezagunen lanak ikusgai egonen dira.
Urtarrileko saioetan edukiera % 60ra murriztuko den arren, momentuz ez da aurreikusten solasaldiak online eskaintzea. Emanaldiak ostegunetan Gasteizen, ostiraletan Donostian, larunbatetan Bilbon eta astearteetan Iruñean izanen dira.
Honen inguruan gehiago jakin nahi izanez gero, hemen, egitaraua eta beste.
Erantzun
Sartu