Teknologia albisteak

Euskararen presentzia digitala hazten ari da, PuntuEus behatokiaren arabera

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 10:50

PuntuEus domeinuaren kudeatzaileak PuntuEus Behatokia izeneko datu-biltegia ere martxan du azken urteetan. Berriki, 2024an egindako neurketen emaitza argitaratu dute. Azterketa horren arabera, Euskal Herriko webguneen %15,02k eskaintzen du edukiren bat euskaraz. Datu hori aurreko urteko %14tik gora doa, eta joera positiboa erakusten du, nahiz eta hazkundea oraindik motela izan. Horrek erakusten du euskararen erabilera digitalak aurrera egiten duela, baina erronka nagusitzat mantentzen dela.

PuntuEusek nabarmendu duenez, nabigatzailearen hizkuntza-ezarpenetan ere joera gorakorra antzeman da: erabiltzaileen %5ek dute euskara lehenetsita. Nahiz eta portzentaje hori txikia izan, urtez urteko igoerak argi uzten du gero eta euskaldun gehiagok lehenesten dutela euskara nabigatzeko hizkuntza bezala. Honekin lotuta, Egunean Behin bidez berriki egindako mugikorren hizkuntza konfigurazioaren datua jakin genuen duela gutxi.

Azterketak erakusten du, halaber, euskararen erabilera nabarmen handiagoa dela .EUS domeinua duten webguneetan. Hain zuzen ere, .EUS domeinua darabilten webguneen %74,38k euskarazko edukia eskaintzen dute , .COM edo .ES domeinuekin alderatuta alde handia dagoela agerian utziz .

Zera ondorioztatzen du PuntuEusek: "Euskararen presentzia digitala hazten ari da, baina erronka estrategiko gisa kokatzen da oraindik: erakunde publikoek eta euskal komunitate digitalak elkarlanean jarraitu behar dute euskararen bizitasun digitala sendotzeko."

Datu guztiak, hemen: https://puntu.eus/behatokia/ 

Erantzun

Sartu