
Euskarazko Wikipediak datu bitxiak argitaratu ditu Twitter eta Mastodonen, azalduz Wikipediako kontsulten arabera, zein bertsolarik erakarri duen interes handiena, igande honetako Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalera sailkatu direnen artean. Sailkapen edo rankinga harrigarria suerta daiteke. Lehen hiru postuetan, adibidez:
Baina gako ezkutu bat dago hemen. Bilaketak egiteko orduan, gure gailuen konfigurazio erdaldunak eramaten gaitu izen bat bilatzera, eta Googlek edo dena delakoak Wikipediako erdarazko orriak ematen dizkigu erantzunetan. Ondorioz, Maialen Lujanbio txapeldunaren eta beste batzuen kasuan, euskarazko Wikipedian kontsulta bat duen bakoitzeko, bi halako ditu gazteleraz. Era berean, Euskarazko Wikipediako sailkapen honetan Ibarzabal nagusi ageri bada, gaztelerazko orririk ez daukalako da.
Aste honetan hasi da EITBren Podkast atarian "Artxipelagoa" fikziozko podkast apokaliptikoaren bigarren denboraldia (9. atalean abiatzen dena, lehen denboraldiko 8 atalen ondoren). Aldi berean, transmedia proiektu gisa, Artxipelagoak online-komiki gisako bertsio interkatiboa ere estreinatu du, EITBk kaleratutako KomikiAPP aplikazio berriaren bitartez.
2022 amaitzera doa eta ohikoa den bezala, "urteko zerrendak" egin, argitaratu eta errepasatzeko garaia da. Horietako bat egin aurkikuntza historikoen jarraipena egiten duen Heritage Daily agerkariak, "Urteko 10 aurkikuntza arkeologiko nagusien" zerrenda, eta horien artean jarri dute (ez gaitu asko harritu): Irulegiko Eskua.
Kaixomaitia harremanetarako webguneak eta Elkar argitaldariak Kontaketa Erotikoen Lehiaketa antolatu dute aurten ere. Hemen informazio zehatzagoa. Interesa duenak ze doinutako lanak aurkeztu eta saritu izan dituzten ikus dezake, Kaixomaitiaren blogean argitaratu izan baitira aurreko urteetako irabazleak.
Bernardo Atxagaren lana haur-literaturaren liburu onenen bilduma batean sartu dute, Xolaren abenturak, euskaraz irten ziren lau liburuak batean bilduta, japonierara itzulita daude orain, eta 125 haur-libururekin osatutako kaxa berezi batean sartu du Shogakukan argitaletxeak.
Adimen artifizialak sortutako testuekin osatu daiteke podkast bat? Galdera horren erantzuna da Zero eta bat podkast artifiziala, Beñat Erezumaren azken (edo azken aurreko) sorkuntza.
Ikertu Nahien proiektua Baztango Udalak bultzatzen du. Landa-inguruneari buruz gogoeta modu egituratu sistematikoan egiteko gunea sortzea da koxka. Asmo horrekin Baztango Ikerketa eta Berrikuntza Zentroa egituratzen hasi ziren 2021 amaieran, eta horren emaitza da orain, Euroeskualdeak babestutako IKERTU NAhiEN proiektua berria.
Durangoko Azokaren egunak direla eta, Sustatuko Luistxo Fernandezek eta Segura Irratiko Ainitze Jauregik bertako Kabia egitarau digitaleko kontuak komentatu dituzte. Tartean, Appa Hi aplikazioa berrituta aurkeztu dela, non eta lehen Oñatiko hitanoa ikasteko balio zuen, orain euskara baturako ere balio duen (eta etorkizunean beste euskalki aldaera batzuk ere sartu dira). Aplikazioa zuzenean erakutsi ahal izan dugu bideoz Twitchen.
Appa Hi! aplikazioa duela urtebete kaleratu zen, Badihardugu elkarteak eta Oñatiko Udalak bultzatuta, Oñatiko hitanozko formak praktikatzen laguntzeko. Eguneraketa izan du aplikazioak oraintsu, eta erabiltzaileak bi trebakuntza-bide aukeratu ditzake: Oñatiko euskalkikoaz gain, euskara batuko hitanoa integratu da aplikazioan. Badiharduguk gaur abenduak 7, Durangoko Azokan, aurkeztuko du aplikazioa 18:30etan.
OpenAIk Assistant izeneko txatbot berria merkaturatu du berriki. Chatbot-ek artearen egoerari buruzko hizkuntza naturala prozesatzeko teknologia erabiltzen du, erabiltzaileei elkarrizketa esperientzia bat eskaintzeko, intuitiboa nahiz adimenduna. Morroia gai da galdera eta baieztapen sorta zabal bat ulertu eta erantzuteko, eta, beraz, tresna erabilgarria da ordenagailu batekin elkarrizketa erakargarriagoa eta emankorragoa izan nahi duen edonorentzat.
[Albiste hau adimen artifizialeko tresna berri eta berehalakoan ospetsu bihurtu denak idatzi du: agindua eskatu diogu, ingelesez, "idatz iezaizkidazu ahapaldi parea OpenAI Chatbot-en inguruan agerkari baterako"; eta emaitza Elia itzultzailetik pasatuta, hona ekarri dugu, beste ezer ukitzeke, salbu eta kortxete arteko esaldi hau, eta jarri diogun izenburua]
Euskarazko itzultzaile neuronalen artean, Itzuli izenekoa da Jaurlaritzaren Euskadi.eus webgunean integratua dagoena. Lehendik ere bazuen Itzuli+ edo Itzuliplus izeneko luzapen bat, baina orain berriztu egin dute Chrome eta Firefox nabigatzaileentzako eta, probatu ondoren, sekulakoa dela esan dezakegu. Itzulpen aukerez gain, hiztegietarako duen sarbideak oso tresna praktikoa bilakatu dute.
Duela egun batzuetako albistea da, baina bego hemen ere atzerapentxoarekin bada ere: Azaroaren 18an Open Data Euskadik antolatutako 2022ko Euskadiko Datu Irekien lehiaketen sariak eman zituzten Euskadiko Artxibo Historikoan (Bilbo). Ekitaldian bertan bi lehiaketetan, ideiak eta aplikazioak, irabazleek aurkeztutako proiektuak azaltzeko aukera izan zuten.
Gaztezulo agerkariaren eta Olrait Studioren 'Kantu Eskukadak II' proiektua aurkeztu zuten atzo Donostian. 100 euskal talde, 100 abesti, 100 ilustrazio, liburu bakarrean (lehen edizikoei gehituta, 200). Sustatzaileek honela aurkeztu zuten proiektua: "Ereserki txiki hauek izan daitezela biharamun goxoago baten hazi xume hori, bilduma moduan borobildutako geltoki, aurrera jarraitzeko, haurren eran".
Durangoko Azokako alderdi digitala da azken urteetan Kabi@ delako gunea, eta aurten ere egongo da alor digitalaren inguruko ardatz horren inguruan antolatuta. Hiru saio-multzo tematiko izango dira, areto nagusian gertatuko direnak, bi abenduaren 7an eta bestea abenduaren 9an zehar.
Sustatuko Luistxo Fernandezek eta Segura Irratiko Ainitze Jauregik aktualitate teknologikoa izan dute hizpide: adibidez, nola sortu den Twitzlariak web aplikazioa, eta zuzenean probatuz, ikusi dute baietz, Twitchen zuzeneko bat denean (Sustatu eta Segura Irratiaren hau kasu), webguneak abisatzen duela :-) Era berean, Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak komentatu dituzte, eta Egunean Behin jokoaren baitan sustapen kanpaina berezia: telefonoak nola euskaratu!
Zortzi tailer praktiko, bi hitzaldi interaktibo eta Egunean Behin jokoaren zuzeneko partida bat dakartza III. Xare Jardunaldiak Donostiara, Ibaetako EHUren kanpusera. 527 ikasle, 3 gune eta euskarazko IKTen eta kultura digitalaren erreferentziazko plaza honetan. Abenduaren 5ean eta 9an izango dira topaketak, datorren astean.
Enpresabidea.eus gai ekonomikoen gaineko webguneak irabazi du Komunikazio alorreko 2022ko Rikardo Arregi Kazetaritza Saria. Eta Kazetaritza titulua duena, aldiz, Miel Anjel Elustondok, Berria egunkarian argitaratutako "Tonban ehortzirik" erreportaje sortagatik, hildako euskaldun ezagunekin asmaturiko elkarrizketa sorta bat. Iaz ere sari bererako hautagai izan zen Elustondo RAKS sarietan, Berrian argitaratutako Zozoen elean elkarrizketa sortagatik orduan.
CodeSyntax eta Sustatuko lankide Urtzi Odriozolak tutorial bat prestatu digu bideo honetan. RaspberryPi eta Retropie softwarea erabiliz, kontsola merke bat nola muntatu erakutsiko digu bideo honetan. Hainbat sistema ezberdin emulatzeko gai da, Mario Bros sortako joko zaharrak adibidez.
Azken hilabeteetan Saretzen proiektua lantzen egon dira EITB eta Tokikom tokiko hedabideen sarea. Akordio bat sinatu zen, eta hori lantzen jardun ondoren, gaur ikusi du argia lehen emaitzak, Hego Euskal Herriko joera demografikoen azterketa bat. EITBren webgunean dago albiste bilduma nagusia, eta txosten bat ere osatu da PDF eran. Aldi berean, Tokikom-eko agerkari bakoitzean ere isla du gaur demografiari buruzko albiste honek, tokian tokiko informazioarekin, hala nola Durangaldekoa Anboton, edo Debagoienekoa Goienan, adibide bi estekatzeagatik.
Ion Lizarazu programatzaile eta twitch-lariak sortu du Twitch Euskaraz webgune aplikazioa, euskaraz Twitchen dagoen edukiaren berri ematen duena, eta bereziki une jakin batean gure hizkuntzaN zuzenekorik baden abisatzen dizuna. Kanpaina egon zen (3000 Twitz) euskarazko streaming ekintzak aurkitu ahal izateko Twitch-ek gure hizkuntza kodea onar zezan, baina Twitchek edo Amazon jabeak ez dute kasurik egin. Horren ordez, garatzaile batek asmatu du modu bat eta hortxe dago.