Teknologia albisteak

Appa Zarautz, garapen iraunkorra lantzeko lehiaketa app bidez

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2023-02-27 : 08:32

APPA Zarautz aplikazio baten bidez Zarautzen martxoan garatuko den lehiaketa bat da. Zarautz 2030 Plan Estrategikoaren helburuak herriko gazteengana gerturatzea du helburu Zarauzko Udalak antolatu duen lehiaketak, eta martxoaren 1etik 18ra bitartean ospatuko da. Eguneroko saria egongo da partehartzaileentzat, eta ondoren ekitaldi batean lehiaketa kolektiboa eta sari gehiago.

Arrakasta handia duen Egunean Behin aplikazio-jokoaren moldeko lehiaketa izango da APPA Zarautz-en garauko dena. Alderdi teknikoa ere enpresa berak egin du, CodeSyntax-ek, Sustatu agerkari hau egiten duenak.

Herriko gazteek martxoaren 1etik 18ra parte hartu ahal izango dute jokoan. Dinamikari dagokionez, egunero zazpi galderari erantzun beharko diote, eta gaiak askotarikoak izango dira: herriko kultura, aisia, demografia, ingurumena, kuriositateak edo euskararen ingurukoak, besteak beste. Zarautz 2030 Plan Estrategikoak garapen iraunkorreko helburuak ere markatzen ditu, urtebeteko prozesu baten bidez landu direnak, eta horiek zabaltzeko modua ere emango du aplikazioak galderen bidez. Parte hartzaileen artean sari bat zozkatuko dute egunero.

Egunero parte hartzen duten gazteen artean zozkatuko diren eguneko sariez gain, martxoaren 24ean ekitaldi berezi bat ospatuko da, Zarauzko Modelo Aretoan; bertan, sari handiak zozkatuko dira, besteak beste, bertako ostalaritza eta merkataritzan erosteko bonoak, esperientziak, abenturak eta kontsumorako produktuak. Zozketan horretarako txartela eskuratzeko, 18 partidak egin eta 14 eta 25 urte bitarte izan behar dituzte parte hartzaileek.

APPA Zarautz instalatzeko estekak, hauek:

Erantzun

Sartu