Teknologia albisteak

“Justizia” euskarafobikoari planto egiteko deialdia Nafarroan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2023-02-19 : 09:00

“Justizia” euskarafobikoari planto egiteko, eta kaleak euskaraz nahi dituztelako, elkarretaratzea antolatu du Euskararen Defentsarako Sarea izeneko taldeak otsailaren 23an (osteguna), 18:00etan, Iruñeko Konstituzioaren plazan: "Nahikoa da! Euskaldunon aurkako erabakiez nazkatuta gaude! Kaleak Euskaraz!" leloekin egiten zaio dei euskalgintzari, bereziki Nafarrokoari.

Hauxe da Euskararen Defentsarako Sareak zabaldutako agiria.

ELKARRETARATZEA: KALEAK EUSKARAZ!

UPNk, aspaldi, ele bitan jarri zuen Iruñeko Paderborn parkeko plaka: espainieraz eta alemanez. Euskararik ez, jakina. Iruñeko mugimendu euskaltzaleak lortu zuen plaka hura euskaraz ere errotulatzea.

Azaroaren 25aren pasealekua, Iruñeko Orfeoiaren parkea, Iruñera sartzeko kartelak eta beste hainbat gaztelania hutsean errotulatu zituen UPNk, eta Iruñeko mugimendu euskaltzaleak lortu zuen euskaraz ere jartzea. Zorionez, beste kasu batzuetan ez bezala, halakoetan Nafarroako Administrazio Auzitegiak euskararen aldeko ebazpenak eman ditu gehienetan, hots, euskaraz ere errotulatzearen alde, Iruñeko Euskararen ordenantza aplikatuta.

Duela urte bat Iruñeko Udalak Konstituzioaren izena jarri zion plaza bati (konstituzio horrek espainiera hizkuntza nagusi bihurtzen du, eta euskara, menpeko). Nola ez, espainiera hutsean idatzi zuen. Nafarroako Administrazio Auzitegiak ele bitan jarri behar zela ebatzi zuen, baina gero, epaile batek, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, erabaki zuen Iruñeko Udala ez zegoela behartua euskaraz ere jartzera. Epaitegiaren asmoa argia da: Ez da nahikoa euskara zerbitzu publikoetatik desagerraraztea, hizkuntza paisaiatik ere desagertu behar da.

Horregatik, “justizia” euskarafobikoari planto egiteko, eta kaleak euskaraz nahi ditugulako, elkarretaratzea antolatu dugu otsailaren 23an (osteguna), 18:00etan, Iruñeko Konstituzioaren plazan: Nahikoa da! Euskaldunon aurkako erabakiez nazkatuta gaude!

Erantzun

Sartu