Teknologia albisteak
1

Mikel Martin EHGAMeko militantea hil da

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2023-03-02 : 16:09

Mikel Martín Conde (Errenteria, 1954) LGTBI aktibista euskalduna hil da, minbiziak jota, gaur goizean. Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimenduko (EHGAM) hastapenetako ekintzaile bat izan zen. 

1977an hasi zen bere militantzia EHGAM gorpuzten, beste pare bat militanterekin. Ekarrizketa honetan, Imanol Alvarez eta Antonio Kintana (aurten hila hau ere) aipatu zituen Martinek.

Bere jaioterrian, Errenterian, handik gutxira gertaturiko Vicente Vadillo Francis trabestistaren hilketak (polizia batek hil zuen 1979ko ekainean) are gehiago inplikatzera eraman zuen eta publikoki armairutik irten ere horren ondoren egin zuen. Mikel Martinek berak ere pertsonalki pairatu zuen indar armatu espainolen indarkeria: 2005ean lau militarrek Donostiako kale batean jipoitu zuten Martin. 137 egunez egon zen jasandako zaurietatik errekuperatzen. Ikusi nolako egoeran utzi zuten. Lau erasotzaileetatik bik bina urteko espetxe zigorra jaso zuten 2011n, baina horiek ere ez zuten espetxerik jasan.

2018. urtean Errenteriako jaietan bertako jaien eraberritzearen aldeko OraingozGau elkarteak omendu zuen Mikel Martin. Jaietako suziria botatzera ere gonbidatu zuten, Wikipedian dagoen argazki eder honek (Mendi Urruzunorena) harrapatu zuen unea.

Erantzunak

2023-03-03 : 08:17

Mikel Martin Conderi agurra: gaur martxoak 3, ostirala, Beilatokia: Zentolen (Orereta-Errenteria) 10:00-13:00 / 16:00-20:00. Bihar 4, larunbata, beilatokian goizez: 10:00-13:30. Lehen agur bat, 13.30etan Zentolenen bertan; eta bigarrena ondoren: 14.30etan beilategitik Errenteriako Zumardira jaitsiko dira Mikelaren lagunak, eta Zumardian brindisa eta elkarrekin egoteko aukera egongo da 15.00ak aldera. Zentolenera joatekotan oinez edo garraio publikoz gomendatzen da, aparkalekua mugatua baita. Aurrerago omenaldi antolatuagoa egiteko asmoa ere azaldu du EHGAMek, informazio hau helarazi digun iturriak.

Erantzun

Sartu