Teknologia albisteak

15 Minutuko Hiria azaltzen

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2023-02-28 : 10:44

Azken aste hauetan Alt-right eskuin-muturrak eta oro har konspirazionista erreakzionarioek "gerra kulturalen" jomugan jarri duten kontzeptuetako bat 15 minutuko hiriarena da. "Autoz ibiltzeko askatasuna kendu nahi digute! Hirieta ghetto kontrolatzaileetan giltzapetu nahi gaituzte!". Gehiegikeria absurdo horien gainetik, begiratu diezaiogun ideiari, azalpentxo saiakera bat.

15 Minutuko Hiria, ingelesez 15-Minute City, kontzeptuak adierazten du hiri bat non biztanleak libre eta gai diren behar gehienak asetzeko, hala nola dendak, parkeak, jatetxeak eta eskolak, 15 minutuko ibilian edo bizikletaz, eta beraz ez dute halabeharrez autorik behar bizitzeko. Tarte tenporala pixkat luzatzen dute batzuek 20-Minute Barrio edo 20 minutuko auzoak aipatuz.

15 Minutuko Hiria kontzeptuaren atzean dauden ideiak 1920ko hamarkadatik dabiltza bueltaka, baina esaldia bera Carlos Moreno urbanista frantziarrak sortu zuen 2016an. Moreno Bilbora gonbidatuta etorri zen 2021eko azaroan, eta hemen dago haren agerpenaren berria eta bideoa.

Ideia hauek euskaraz ekarri ditugu hona, batzuk bideo horretatik, eta beste euskarazko erreferentzia hauetatik ere: Arnasgunea.eus, Pello Aspururen artikulua Enpresabidean, Donostiako auzo elkarte bateko ordezkariaren iritzia, eta Irati Otamendi arkitektoaren artikulua.

2020an ospea lortu zuen Morenoren ideiak Annie Hidalgo Parisko alkateak hauteskunde kanpainako promesatzat hartu zuenean, Parisko kaleak berriz diseinatzeko asmoa agindu zuenk, kontzeptu honen inguruan  (Jaione Dagdrommerren artikulua Gaztezulon).

15 Minutuko Hiria "eraiki" daiteke zonifikazio arau berrituekin, aparkalekuen eraberritzeekin, etxebizitza trinkoak eta erabilera bakarrekoak eraikitzeko pizgarriekin, eta oinezkoen aldeko kaleen diseinuekin. Autoak erdigunetik kentzea ere bada metodo bat, eskuinaren paranoiaren helduleku nagusia.

Urbanista adituen esanetan, autoak erdigunetik kentzea ez da autoari aurre egitea. Kaleen segurtasuna eta produktibitatea maximizatzea da kontua. Horrela, egoiliarrek askatasun handiagoa dute zirkulatzeko autoa alde batera utzira, hala nola oinez, patinetez, bizikletaz... Horrek denei egiten die mesede, baita gidariei ere.

Ez dago politika bakar bat autoak zentrotik (erdigune fisikoa, zein erabilpeneko zentralitatea) ateratzeko. Hiri batzuek aparkatze eta zeharkatze prezioak erabiltzen dituzte, beste batzuek ibilgailuetara sartzeko garai ezberdinak izendatzen dituzte. Noski: salbuespenak daude larrialdietarako ibilgailuentzat, taxientzat, autobusentzat, ezinduentzat eta abarrentzat.

Kritikoek diote 15 minutuko hiriak ingeniaritza sozialaren eraikuntza direla, ez gauza "naturala". Baina egiazki, hiriak historikoki naturalki trinkoak eta ibiltariak izateko zeuden eginak, harik eta ingeniariek eta gobernuek automobilen inguruan birdiseinatu zituzten arte. Horrek auzoen eta tokiko aberastasuna suntsitu ditu 20. mendetik hona.

Urbanista hauek espero dute jendea ohartuko dela auzo ibiltari eta bizigarriak ekonomikoki emankorragoak eta desiragarriagoak direla auto-zentratuak baino. Lekuak pertsonentzako eraikitzen ditugunean, jarduera baten helmuga bihurtzen dira. Baina autoentzat eraikitzen ditugunean, aparkaleku bihurtzen dira. Garapen trinko honek, bestalde, garapen auto-zentratuak baino zerga-sarrera gehiago lortuko luke, era errazagoa litzateke denboran zehar mantentzea eta egokitzea. Txikizkako dendak bulego bihur daitezke, bulegoak etxe, eta abar. Horrek balio iraunkorra ematen die egoiliarrei.

Zenbait hiri-agintetan kontzeptuaren aldeko politika egiten hasi direla dirudi, hala nola, Bartzelona, Portland, Ottawa eta Paris. Baina argi dago ez dela gakoa hori bakarrik: hiri hauetako batzuetan, eta Paris edo Bartzelona etsenplu argiak dira, gentrifikazioa eta etxebizitzaren garestitzea izugarrizko arazoa dira, autoarekin ibili ala ez. Guztiarekin, 15-minutuko hiriaren alde egiteak ez du esan nahi metodologia zehatz bat aplikatzen dela han edo hemen; funtzionariek, agintariek eta inplikatutako herritarrekin nork eskura duenarekin egin dezake kontzeptuaren alde.

15 minutuko hiriek askatasuna sustatzen edo murrizten dute? Beno, gidatzeko askatasunaren alde egon gaitezke, eta lekuak modu seguruan eta erosoan gozatzeko askatasuna ere bai, etaoinez edo bizikletan ibiltzekoa ere. Beraz, pertsona bakoitzaren politikaren eta balioen araberakoa da izan daiteke "askatasun" ingurune honetan.

Irudia: Parisko 1979ko dentsitate demografikoaren mapa bat (Wikimedia Commons).

Erantzun

Sartu