Teknologia albisteak

Ikusgela proiektua TikTok-en Zortziko Txikiarekin

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2023-02-27 : 11:12

Ikusgela proiektuak, "mundua ulertzeko bideoak" sortzekoak (euskarazko Wikipediak Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin bultzatua), bideo sorta berria ekoizteari ekin dio: Zortziko Txikia, bideo bertikalak, Tik Tok-en kontua sortuz eta bideo formatu berriena Wikipedian ere txertatuz

Ikusgela azalpen bideo libreen proiektuak bideo-sail eta formatu berria estreinatu zuen duela egun batzuk Inauterien gaineko zortzi datu biltzen zituen bideoarekin.

Bideo bertikal laburretan oinarritzen da Zortziko Txikia izendatu duten saila, eta gai baten bueltako 8 datu jakingarri azaltzen ditu labur-labur. Lehena,  garaiak eskatuta, inauterien gainekoa izan zen. Asmoa, berariaz TikTokeko logikan ere edukiak sortzea da, baina baita beste sailetako edukiak ere bertatik zabaltzea. TikTok da gazteen artean azken urteotan erabiltzaile berri gehien pilatu dituen kanala, eta euskarazko hainbat proiektu badaude ere, oraindik lan handia dago bertan egiteko.

Gero eta baliabide multimedia gehiago eskaintzen ditu Wikipediak. Horietako bat da bideo bertikalena. Formatua boga-bogan dago, eta oso modu txukunean txertatzen dira horrelakoak entziklopedia librean. 

Baina kontua ez da bakarrik bideoak sortzea... Zortziko Txikiko bideo hauetan, datuen erreferentziak zorrotz jasotzen diren. Ikus goragoko bideo horren dokumentazioa. Sareko bideoetan ohikoak dira fake news eta erreferentzia gabeko datuak. Horri erantzuteko, Wikipediak, adibidez, indarra jartzen du bere artikulu guztietan erreferentziak jaso eta sinesgarritasuna lantzeko. Bideo hauetan ere, lantzen diren datu guztien erreferentziak eta Wikipediako artikulu gehigarriak gehitzen dira Bideoan erabilitako irudi guztien erreferentziak jasotzen dira. Esateko, Altsasuko “Momotxorroen irteera” bideoa Wikimedia Commons-en dagoenez, hori erabili da bideoan. Izan ere, bideo hauek ere, CC-BY-SA lizentzia dute.

Ikusgelatik etorkizunean estilo honetako bideo gehiago sortuko dituztela esan badigute ere, azalpen bideo gehienak 4-6 minutuko bideo horizontaletan ikusten dituzte gaur-gaurkoz. Garaiak azkar aldatzen dira, eta formatuak ere horrela moldatzen dira, baina azalpenaren patxada eta joera berriak elkarbizi daitezke.

Lehenago Sustatun Ikusgelaren inguruan:

Ikusgelaz gehiago:

Erantzun

Sartu