Teknologia albisteak

OpenAssistant txat adimentsua euskaraz trebatzeko aukera

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2023-02-23 : 09:42

ChatGPT delako sistema adimentsu ezagunak duen alternatiba libre nagusia izan nahi du OpenAssistant delakoak. Txatetan oinarritutako laguntzaile bat da OpenAssistant, atazak ulertzen ditu eta bestelako sistemekin elkarreragin dezake. Erraz hedatu eta pertsonalizatu daiteke eta doako eta kode irekiko software gisa garatu da; eta euskarak ere badu tokia proiektuan.

Adimen artifizialaren ebanjelari Beñat Erezumak uste du (Sustatuk egindako galdera pareari jator erantzun digu) euskaldunok kolaboratu beharko genukeela proiektu honetan. "Euskara momentu honetan 10. hizkuntzarik entrenatuena da, baina urrun dago lehen hizkuntzetatik". Eta gehitzen du Erezumak: "Laguntzaile honen kalitatea hobetzeko, beharrezkoa da gizakiok harekin lan egitea, eredua hobetze aldera." 

Nola lagundu dezakegu laguntzailearen euskara maila hobetzen? Bada bost ataza ditugu egiteko, Erezumaren arabera:

  • Laguntzailearen erantzuna sailkatzea.
  • Erabiltzailearen erantzunaren hasierako gonbita sailkatzea.
  • Laguntzaileari erantzuna ematea.
  • Hasierako gonbita edo erabiltzailearen erantzuna ematea.
  • Laguntzailearen erantzunak sailkatzea.

Ariketa horietan parte hartzeko, izena eman OpenAssistant-en hemendik. Discord-eko kontua edo e-posta erabiliz. Login egin ondoren, euskara aukeratu hizkuntza aukera eta goikon zeregin edo aukera horiek agertuko zaizkizu (irudi partzialak, beste hiru aukera ere badaude interfaz osoan):



Ez dakigu OpenAssistant-i lotua dagoen baina Twitterreko beste kontu ere sortu da, Adimen Artifiziala Euskaraz @aaeuskaraz laguntzaile horren jardunean parte hartzeko eskatuz, eta oro har informazioa emanez alor teknologiko berri eta interesgarri honetaz.

Erantzun

Sartu