Klima-aldaketari aurre egiteko Nazio Batuen 28. Konferentzia (COP28) 2023ko azaroaren 30etik abenduaren 13ra bitartean egin zen Dubain, Arabiar Emirerri Batuetan. Gailurra hitzordu garrantzitsua eta pl,emikoa zen, besteak beste, lehen balantze globala onartu behar zelako. Balantzeak zein puntutan gauden aztertu, behar nagusiak zeintzuk diren ikusi eta Parisko Akordioaren helburuak betetzeko bide orria ezarri behar zituen. COP28k zer eman zuen azaltzeko, mintegia antolatu du EHUk datorren otsailaren 1erako Donostian.
Eibarko Klub Deportiboa izen handiko erakundea da Eibarren, kirol taldeen sustatzaile baina gizarte-jardueren eragile, eta herriko kale nagusian lehen solairu batean dagoen taberna ere, CDE siglekin ezaguna erdaraz, eta Deporra kaleko hizkeran. Datorren astean beteko ditu 100 urte eta jarduera zenbait antolatu dira.
Urtarrilaren 11tik aurrera, komunikabide askoren cookie politikan aldaketa nabarmen bat nabaritu da, "harpidetza edo cookieak" proposamena agertzen delarik irakurketarekin jarraitu ahal izateki hartuz. Zer gertatu da? Legezkoa da hau? Mintegi bat online antolatu du Garaia Enpresa Digitalak otsailaren 8rako, hau argitzeko.
2023an Hego Euskal Herriko zinema komertzialetan euskarak izan duen presentzia neurtu du Zinemak Euskaraz ekimenak eta halako datua aurkitu dute: %2,48. Honi euskaldunon hizkuntza eskubideen urraketa sistematikoa iritzi dio Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, eta gaur neurriak eskatu dituzte prentsaurrekoan Pantailak Euskaraz ekimenarekin batera.
Aurreko urteetan Wikipedia guztietan izan beharreko mila eta hamar mila artikuluen kalitate neurketan gora egin ondoren (ikus Sustaturen albistea eta EWKE elkartearen 2020-2023 lau urteko memoria), euskarazko Wikipediak erronka proposatu du, 1.000 artikulu nabarmenen zerrendan, artikulu guztien edukia 30.000 bytetik gora igotzea. Hemen azaltzen da prozedura.
Baztanen urtero ilbeltzero, urtarrilero, egin ohi den (H)ilbeltza astea, euskal eleberri beltzaren astean, bihardanik (hilak 22) 28ra bitartean izango da aurten.
Etzi asteartez Zarautzen hasita, Iñaki Iurrebasoren hitzaldi zikloa antolatu du UEMAk. Euskararen egoera ezagutzeko gako berriak ematen dituelako, arnasguneak eta udalerri euskaldunak sendotzea euskararen biziberritzerako giltzarria zergatik den ere azaltzen duelako... Interesgarriak suertatuko dira.
Maite Idirin kantari, kulturgile eta euskaltzalea hil da gaur, 80 urte zituela. Bizkaian jaioa, Parisen erbestea bizitakoa, eta nagusiki Lapurdin bizi izana 1973tik aurrera, euskarazko kantagintza konprometituaren erreferentea izan da.
Stand Up edo bakarrizketako komedia euskaraz emankor ageri den alorra da 2024 honetan. Zenbait albisteren berri jarraian.
Aina da Katalunian adimen artifizialaren inguruan lanean ari den ekimen publikoa, Bartzelonako Superkonputazio Zentroko Hizkuntza Teknologien Unitateko taldearen inguruan gorpuztua, eta iragarpen inportantea egin du berriki: Aina Flor-6.3B izeneko LLM edo hizkuntza eredu handi berria guztiz Open Source kaleratu du. Katalanez, gaztelaniaz eta ingelesez bildutako 140.000 milioi tokeneko 'corpus' batekin entrenatu da Aina Flor. Bitartean, euskaraz ere hizkuntza eredu handi eta irekia sortzen ari direla jakinarazi zuen atzo Hitz zentroko zuzendariak, Eneko Agirrek, Languages Lanean biltzarrean.
Duela egun batzuk Herbeheretan kaleak oinezkoentzako bilakatzen ari direlakoan, tresnatxo bat erakutsi genizuen, holandarrak harro baitaude hirietako auto-zirkulazioan egin duren eraldaketagatik. Baina ez sinetsi guztia, Holanda ere ez da oro tulipan koloretsu: bertan saltzen diren autoen ia erdia SUV erraldoiak dira. Baina ez da bakarrik herbeheretarren errua: Europa osoan gero eta SUV gehiago daude.
Iaz antolatu zuten lehen aldiz Zenbat Gara elkarteak eta BIRA kulturguneak “Oraina kontakizun” jardunaldi sorta Bilbon. Aurten berriro, Erresistentzia kontzeptuari erreparatuz. lau saio izango dira urtarrilaren 23a eta martxoaren 5a bitartean, bi saio Kafe Antzokian eta beste bi Bira kulturgunean.
Beñat Erezuma adimen artifizialeko adituak, bere lanbide duen Berritzeguneetako lan pedagogikoan, Topagune Birtuala eskainiko du gaur, osteguna, urtarrilak 18, bi txandatan, 9.00etatik 9.30etara lehena, eta 15.00etatik 15.00etara bigarrena. Otsailean eta martxoan jarraipena izango du mintegi honek.
Egunean Behin jokoaren 14. denboraldia abiatu da, Primeran streaming plataforma euskaldunaren babesarekin. Denboraldi inportantea izango da, ze jokoak 5 urte beteko ditu, eta horretara begira ekimen berriren bat ere izango da aurreraxeago, martxoan hain zuzen 5 urteak zehatz bete direnean. Jokoaren garatzaileen izenean (CodeSyntax) Luistxo Fernandezek hitz egin du gaur Euskadi Irratian aplikazioak ze plan dituen 2024 urte honetan.
Game Erauntsiak, 2022ko jokoekin egin zuen bezala, 2023ko bideojoko onena aukeratzeko bozketa jarri zuen martxan Gabonetan, eta joan den astean jakinarazi zituzten emaitzak. Baldur’s Gate izendatu dute urteko joko onena zaletuek, baina guri gehiago interesatuko zaizkigu euskarazko jokoen kategoriak: KlaustroFobia euskaraz sortutako joko onena suertatu da; eta Tunic, kanpoko baina euskaratutako jokoen kategorian (azken honen irudi bat ilustraziorako erabilia).
Euskarazko Wikipediak 2023an egindako lorpenez jardun genuen hemen lehengoan, eta beste alor bat aipatuko dugu orain, zelako aurrerakada egin den emakumezkoen biografiak osatzen, genero desoreka (oraindik nabarmena) konpontzen saiatzeko.
Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bagera Donostiako euskara elkarteak elkarretaratzea deitu dute gaur hilak 12, ostirala, Donostiako Alderdi Ederren 18:30etan. Motiboa, oldarraldi judizialaren azken atala: Donostian udaltzain izateko lan deialdian euskara eskatzea diskriminatzailea dela ebatzi baitu abenduaren 22an Donostiako Administrazioarekiko 3. Epaitegiak. Azaroan manifestazio handia antolatu zuen Kontseiluak oldarraldi hau salatzeko, eta ordura arteko hainbat kasuren errepasoa argitaratu genuen epaiz epai. Baina berdin jarraitzen dugu, zerrenda hartako Laudioko kasua, euskara "zaila" zela zioena besteak beste, berretsi egin du abenduan EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak (euskararen kontra berretsi, esan gabe doa), eta jarraian Donostiako udaltzaingoarena iritsi da,
Euskararen aurkako jazarpenaren eta euskaldunen bizitzeko gogoaren historia kontatzen du Bizkarsoro filmak, fikziozko herri batean benetan gertatu izan direnak kokatuz 20. mendean zehar. Josu Martinezek zuzendutako filma gaur zazpi herrialdeetako aretoetan ikusiko da, eta jarraian hainbat herritan ere egingo dira emanaldiak. Zuzendariaren esanetan, "euskararen aurkako zapalkuntzari aurre egiteko tresnak badaudela erakusteko pelikula bat da Bizkarsoro".
Urtarrilaren 17 eta 18an jardunaldia egingo da Donostian: Jakintzak, hizkuntza eta feminismo. Bi arratsalde jarraian, 16.00 eta 19.00ak artean, EHUko Hezkuntza, Filosofia, Antropologia (HEFA I), Areto Nagusian. Sarrera doan da. Antolatzen dute EHUk eta AFITek (Antropoloogia Feminista Ikerketa Taldea).
Iazko martxoan sortu zen Doinuele, euskara hutsezko plazen sarea, zortzi herritako ordezkariak zirela tartean: Azkoitia (Gipuzkoa), Baztan (Nafarroa), Galdakao (Bizkaia), Hernani (Gipuzkoa), Lazkao, Sara (Lapurdi), Zarautz (Gipuzkoa) eta Ziburu (Lapurdi). Euskal literatura eta musikagintza sustatuz, euskarazko azoka edo plaza gisa antolatutako zortzi ekitaldi dira orain Doinuele (gehikuntzetara irekita dauden arren). 2024an plaza hauek izango duten egutegia aurkeztu dute gaur.