Teknologia albisteak

Ehunobjektu.eus, Wikipediaren historia proiektua, orain podkast eta komikiarekin

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 11:51

Euskarazko Wikipediaren azken hilabeteotako proiektu batek, Euskal Herriko historia 100 objektutan delakoak, podkasta eta komikiak estreinatu ditu, 100 objektuen zerrenda osatu ondoren. Ehun objektuen zerrenda osoa eta objektu bakoitzaren fitxa ehunobjektu.eus webgunean daude ikusgai.

 

Hemendik aurrera, edukiak hainbat euskarritan eskainiko dira:

  • Wikipediako artikuluak eta Txikipediako bertsio egokituak
  • Wikimedia Commons-en irudi galeriak
  • Eta idazle gonbidatuek sortutako testu literarioak, objektu bakoitzaren esanahia eta testuingurua aberastuz, podkast bat ekoizteko.

Podkasta Berriarekin ekoitzi dute, eta lehen alea, Cira Cresporen testuarekin, entzungai dago jada, Intza Alkainen lokuzioarekin. Aranbaltzako lurra zulatzeko makila da lehen objektu hori, podkasta egin zaiona, eta komikia ere badu prest (artikulu honen ilustraziorako, horren zati bat: Eñaut Aiartzaguenaren lanak izango dira komiki hauek).

Ehun objektuen zerrenda lehena eta zaharrena da makila, Euskal Herriko neanderthalen tresna bat, baina podkastaren jarraipena ez da kronologikoa izango, objektu zahar eta berriagoak tartekatuko dira ekoizpen eta argitaratzean. Podkasterako testua oraingoan Cira Crespok idatzi duen bezala, beste idazle batzuk ere izango dira proiektuan: Harkaitz Cano, Aintzane Usandizaga, Iñigo Aranbarri, Garbiñe Ubeda, Joseba Sarrionandia, Danele Sarriugarte, Eneko Bidegain, Eneko Barberena eta Amets Aranguren.

Gure historia, 100 objekturen bidez erakutsi nahi du Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak (EWKE), euskarazko Wikipediaren gobernantzaz arduratzen den taldeak. "Zer konta dezake makila zahar batek, zeramika puska batek edo txanpon zahar batek? Euskal Herriko historia 100 objektutan proiektuarekin galdera horiei erantzun nahi diegu, historia ofizialetik harago, gure iraganaren hari sotil eta hurbilak berreskuratzeko. (...) Objektu bakoitzak bere istorioa du: izan daiteke historiaurreko tresna bat, dokumentu bat edo eguneroko objektu bat, baina guztiek gure herriaren memoria eta iruditeria jasotzen dute."

EWKEk nabarmendu duenez, museoek eta bestelako GLAM erakundeek (Galeriak, Liburutegiak, Artxiboak eta Museoak) lagundu dute ehun objektu historikoen zerrenda hautatzen. Eta wikilariek beraiek ere.

Zerrenda osoa eta objektu bakoitzaren fitxa hemen: ehunobjektu.eus 

Podkastaren lehen alea, Berriaren webgunean.

Erantzun

Sartu