Teknologia albisteak

Euskarazko Wikipediaren urte bikaina, kantitatez eta kalitatez

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2024-01-06 : 12:14

Euskarazko Wikipediak 2023 urtea bikain amaitu zuen. Azken egunetan bere Twitter eta Mastodon kontuetatik zabaldu dituen datu eta grafikoekin osatu dugu artikulu hau, hori demostratzeko. Kantitatean, 8.5 milioi hitz gehiago izan dira 2023an Wikipediara gehituak, eta artikuluen kopuruak 425.000ko langa gainditu zuen abenduan. Martxa honetan, 2025. urtean irits daiteke, agian, 100 milioi hitzeko korpus bat osatzera.

Euskarazko Wikipediak 82.027.733 hitzekin amaituko zuen urtea, urtebete lehenago baino 8.476.741 hitz gehiago. Urte honetan Lur Hiztegi Entziklopediakoaren bolumen osoa ia HIRU aldiz idatzi da. 33 liburuki berri izango genituzke, inprimatuz gero. 

Baina ez da bakarrik kantitate kontua. Azken urteotan, Euskal Wikilarien Kultur Elkartearen (EWKE) bultzadaz, "Wikipedia guztiek izan beharreko 10.000 artikuluen zerrenda" hobetzen aritu dira. Euskarak emaitza ikusgarriak lortu ditu. Hemen azken bi urteotan lortutako gorakadaren grafikoa. Euskaraz da postu gehien gora egin dituen hizkuntza!

Hamar milako zerrendaz gain, mila artikulu ezinbestekoena ere badago, eta horretan ere, nabarmen egin dugu gora lau urtean.

EWKEk zuzentzen duen ahalegin honen zioa ez da rankingetan gora egitea gora egiteagatik... Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmena du EWKEk Hezkuntza Programa deitzen dena osatzeko. Ikastetxeetan gehien kontsultatzen den baliabidea Wikipedia denez, alor horietako artikuluak gero eta osatuago izatea da helburua. 

Zera erakusten du goiko grafikoak, Hezkuntza Programako alor bakoitzeko artikuluen luzera, 2022 eta 2023 urteetako konparaketan. 2023ko beheko marrei erreparatuz, ikusiko dugu alor guztietan doazela horixka-argiak gutxitzen, eta urdin-ilunak handitzen; artikuluak gero eta osatuago direlako.

Adibide zehatzago batean, Biologia eta geologia eremuan verezuju aurrera pauso erraldoia eman da Hezkuntza Programari esker. Orain bost urte jarri zen helburua nabarmen bete da: esparru honetako artikuluak 4 aldiz luzeagoak dira orain, eta asko kalitate nabarmenekoak. 

Eguneroko estatistiken jarraipen orria ikus hemen.

Zuk ere bat egin dezakezu Euskarazko Wikipedia editatzen, eta EWKE elkarteko bazkide bihurtzen (kuota: bost euro urtean bakarrik).

 

Erantzun

Sartu