Duela egun batzuk Herbeheretan kaleak oinezkoentzako bilakatzen ari direlakoan, tresnatxo bat erakutsi genizuen, holandarrak harro baitaude hirietako auto-zirkulazioan egin duren eraldaketagatik. Baina ez sinetsi guztia, Holanda ere ez da oro tulipan koloretsu: bertan saltzen diren autoen ia erdia SUV erraldoiak dira. Baina ez da bakarrik herbeheretarren errua: Europa osoan gero eta SUV gehiago daude.
Herbehereei dagokienez, 2022ko urte osoko datua da aurkitu dugun azkena, eta orduan %42.3 izan ziren SUV tamainako auto erraldoiak auto guztien salmentetan, urtebete lehenago %39.6 izan zirenean. Eta gerora? ba Europa osoko datuak badira orduanik ere SUV gehiago saldu direla...
Beste estatistika honen arabera, Europako Batasuneko auto salmenten %54 SUVak izan ziren 2023ko irailean. Aurreko urteko hilarekin alderatuta %10 gehiago. Pisuz eta indarrez gehiago kontsumitzen duten autoak, eta hirietako aparkalekuetan gero eta arazo gehiago sortzen dituztenak tamainagatik.
Aldi berean, deskarbonizazioa ere gertatzen ari dela badakigu, auto elektrikoak ere gehiago saltzen direla. Baina kontua da auto elektrikoak egitea berez garesti dela, eta behin horretan jarrita, fabrikatzaileek elektriko handiagoak merkaturatzea nahiago dutela. Eta horra hor datua, hibrido entxufagarrietan (PHEV) eta bateria guztiz elektrikokoetan (BEV) are inpaktanteagoa da SUVen nagusitasuna, %74 hibridoetan, %60 elektriko hutsetan.
The Economist aldizkariak Europako auto txikien desagertze eta SUVen nagusitasunari buruzko artikulua zekarren iaz, eraldaketa honen arrazoi batzuk aipatzen. Motibo nagusietako bat da, zenbat eta diru gehiago, jendeak auto handiagoa nahi duela. Elektrikoak egitea berez garestia denez, baita auto txiki edo estandar bat sortzekotan, aberatsenentzat dira eta horien artean handiak saltzen dira batez ere.
Oro har, Europako auto modelo ertaina 200 kilo pisutsuagoa da orain mende hasieran baino. Luzeago, garaiago, zabalago dira. Konparatzeko, Fiat 500 originalak 600 kilo zituen, eta Italiako 1957ko demografian, atzealdean 2.3 ume eraman ohi zituen. Gaur egunean 1.3 ume lirateke, eta hortaz, auto handiagoetan pertsona gutxiago mugitzen gara (haurrak eramatekotan espazio gehiago ere behar dela egia da, segurtasun aulkien derrigortasunagatik).
Marka eta modeloen aldetik ere, Fiat 500 eta Mini markak esistitzen dira, baina puztutako modeloekin batik bat. Ford Fiestaren ekoizpena eten da, eta Ferrari eta Porsche luxuzkoak ere, lehen bi pertsona eramateko zirenak, orain SUV modelo erraldoien ekoizle ere badira.
Eta guztiarekin, SUV handiz bete bada Europa, AEBetan oraindik handiagoak dira hango SUVak: 2023ko auto salduena Ford F-150 erraldoia izan zen.
Irudia, SUVen kontrako protesta Berlinen 2019an. C.Suthorn / cc-by-sa-4.0 / commons.wikimedia.org
Erantzun
Sartu