Teknologia albisteak

Euskarazko zine eskaintzaren urritasunean eskubide urraketa salatu du Hizkuntz Eskubideen Behatokiak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2024-01-23 : 18:30

2023an Hego Euskal Herriko zinema komertzialetan euskarak izan duen presentzia neurtu du Zinemak Euskaraz ekimenak eta halako datua aurkitu dute: %2,48. Honi euskaldunon hizkuntza eskubideen urraketa sistematikoa iritzi dio Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, eta gaur neurriak eskatu dituzte prentsaurrekoan Pantailak Euskaraz ekimenarekin batera.

Bildutako datuen arabera, gazteleraz gaztelerara azpidatzita estreinatu diren filmak 564 izan dira, eta euskataz estreinatutakok 14. Hauetarik bat bakarra jatorrzko euskarazko fikziozkoa (Irati), eta beste hiru dokumental; gainerakoak Zinema Euskaraz programari esker bikoiztutako 11 film izan dira. Euskaratuen zerrenda zehatza, Behatokiaren albistean (beste hiru ekoizpen jatorriz elebidun edo eleanitz gisa sailkatu dituzte, tartean 20.000 espezie erle).

Hortaz estreinaldien %2,48 izan da euskaraz Hego Euskal Herriko zinema areto komertzialetan. Euskarazko ehuneko txiki hori, gazteleraz edo gazteleraz azpidatzia eman izan da, hortaz gaztelaniazko aukera %100ekoa izan da. Emanaldi kopuruari begiratuz gero, euskarazko eskaintza are txikiagoa litzateke: %1 baino txikiagoa. Azterketatik kanpo geratu dira UEMA eta Tinko Euskara elkarteak ZinUEMA proiektu pilotua (horren irudi bat erabili dugu artikulu hau ilustratzeko), edo herri ekimeneko beste emanaldi batzuk, Hego Euskal Herriko hirietako zinema komertzialetako datuak aztertu baitira, hauek baitira ikusle gehien dituztenak.

Zinemak Euskaraz ekimenaren arabera Ipar Euskal Herriko egoera okerragoa dela pentsa daiteke, datu zehatzik eskuratu ez den arren.

Datuetatik erreibindikaziorako irakurketa egin du Behatokiak. Batetik legeek diotena gogoratuz:

  • EAEko 10/1982 Legeak, Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoa, bere hirugarren kapituluan (Euskararen erabilera hedabideetan) dio «Jaurlaritzak neurriak hartuko dituela bi hizkuntza ofizialen erabilera arian-arian berdintzeraino» besteak beste, «zineman eta ikus-entzunezko grabaziotan» (25. atala). Lege honek 40 urte egin ditu, eta bertan jasotzen diren artikulu asko oraindik ere ez dira betetzen.
  • Nafarroako 18/1986 Euskarari buruzko Foru Legeak ere, III. Tituluan, erakundeek euskarazko agerkari kulturalak eta ikus-entzunezko ekoizpenak babestu eta sustatu behar dituztela dio
  • Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Kartak ere (Europako Kontseiluaren hitzarmen bat), bere 12.c artikuluan dio Estatuei dagokiela «beste hizkuntza batzuetan sortutako lanak erregio edo gutxiengoen hizkuntzan eskuratu ahal izateko bideak erraztea. Horretarako, itzulpenak, bikoizketak, postsinkronizazio lanak eta azpitituluak jartzea bultzatu eta garatuko da».

Horren aurrea Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Pantailak Euskarazek uste dute erakunde publikoen ardura dela herritar guztien hizkuntza eskubideak zinemetan ere babesteko neurriak hartzea: "Beharrezkoa da euskararen presentzia legez bermatuko duten arauak jorratzea Eusko Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Komunitatean, horretarako eskumenak baitituzte, eta baita euskarazko ekoizpen, bikoizketa, eta azpidatziei bideraturiko baliabideak biderkatzea ere. (...) Bestetik, zinemetan zein bestelako aisialdian kontsumitzaile eta erabiltzaile bezala herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko, beharrezkoa ikusten dugu Kontsumitzaile eta erabiltzaileen Nafarroa zein EAEko legedietan neurri zehatzak planteatzea."

Bien bitartean, Pantailak Euskarazek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak euskarazko ekoizpenak eta euskarara bikoiztutakoak kontsumitzera animatu nahi dituzte euskal herritarrak, eta euskarazko eskaintzarik ez dagoenean, www.euskararentelefonoa.eus bitartez salaketak jartzera.

Era berean Zinemak Euskaraz-ek gonbitea egin zuen zine emanaldietan euskara legez bermatzeko bere eskaerari arxikimenduak gehitzeko: izenpeak hemen gehi daitezke.

Erantzun

Sartu