Teknologia albisteak

Eibarko Klub Deportiboaren mendeurrena

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2024-01-25 : 08:56

Eibarko Klub Deportiboa izen handiko erakundea da Eibarren, kirol taldeen sustatzaile baina gizarte-jardueren eragile, eta herriko kale nagusian lehen solairu batean dagoen taberna ere, CDE siglekin ezaguna erdaraz, eta Deporra kaleko hizkeran. Datorren astean beteko ditu 100 urte eta jarduera zenbait antolatu dira.

Mendeurrena urtarrilaren 30ean da, asteartea; baina bezperan egingo da jarduera ikusgarri bat. Eibartik inguruko tontor handienera, Urko mendira, bidea argiztatu nahi dute suziriekin eta argazki bat osatu 300 lagunekin, Arrajola auzotik gorantz. Ekintza astelehenean egingo da, urtarrilaren 29an, arratsaldeko 18:15 eta 19:15 artean.Parte hartu nahi baduzu, eman izena klubera joanda, telefonoz deituz (943201904) edo eposta mezu bat idatziz (info [a bildua] deporeibar.com). Ekintza honen iragarpen karteleko partea da ilustraziorako hemen hautatua.

Mendeurren egunerako, 30a asteartea, hauxe da egitaraua:

  • 8:30: Mendi irteera Erlora.
  • 8:00 – 16:30: Eibarko ikastetxeetako ikasleekin topaketak Astelena frontoian, Uni Eibar-Ermuako kiroletako zikloetako ikasleen laguntzarekin
  • 17:30 – 19:00: Astelena frontoian
    • 100 km korrika zintan: 5 korrikalarirekin: Asier Cuevas, Julen Teran, Aitziber Urkiola, Oihane Sarasketa eta korrikalari herrikoi bat
    • 100 km bizikletan rodiloan: 5 txirrindularirekin: Jokin Amorrosta, Pello Osoro, Maria Gallastegi, Ane Ziaran eta txirrindulari herrikoi bat
    • Pilota barruak: 100 lagun 5 taldetan
    • Xake partida azkarrak
  • 19:00: bideo emanaldia Astelena Frontoian
  • 19:30: Errebalen: Klubaren sorrera aktaren irakurketa
  • 20:00: Kalejira, Errebaletik klubera
  • 20:10: sokadantza klubaren aurrean
  • 20:25: errotulo berria bistaratzea
  • 20:30: familia-argazkia
  • 20:35-21:30: luntx irekia klubean

Zorionak Depor!

Erantzun

Sartu